Saneamendu lanak tarteko, Oikiara sartzeko aldapa itxiko dute sei astez

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 14a, 11:58
Argazkia: Zumaiako Udala.

Lanek iraun bitartean autobus geltokiko sarbidea erabili beharko da. Atzo hasi zituzten Oikiako saneamendu sarea berritzeko lanak.

Oikiako saneamendu sarea berritzeko lanak hasi zituen atzo Zumaiako Udalak. Asfaltados y Construcciones Morga enpresak egingo ditu sei astez, eta udalak 71.330 euro bideratuko ditu lan horietara. Oikiako sarrera-irteerako aldapa itxita egongo da obra egin bitartean, eta autobus geltokiko sarbidea erabili beharko da horretarako. 

Bestalde, udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen URA Uraren Euskal Agentziak Oikia auzoko hondakin urak Zumaiako araztegira eramatea ahalbidetuko duen proiektua lizitatu dela. Ur zikinak Zumaiara eramateko, Joxe Mari Korta industraldeko biltzailera eramango dira.