Itxas Gainek zazpi domina eskuratu ditu Urolaren 45. Igoera-Jaitsieran

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 14a, 09:28

Taldekideen ahaleginari esker, bost urrezko eta bi zilarrezko domina eskuratu zituen Itxas Gainek igandean. Itxas Gaineko kideak Tokiora begira izango dira datozen egunotan, Olinpiar Jokoetan domina eskuratzeko lehian izango baita Iñigo Peña.

Itxas Gaineko piraguistek beren maila erakutsi dute asteburuan parte hartu duten lasterketetan. Larunbatean Bidasoaren Jaitsieran izan ziren, eta bederatzi domina ekarri zituzten Zumaiara –hiruna urrezko, zilarrezko eta brontzezko–. Taldeka, gainera, bigarren postuan sailkatu zen Itxas Gain, etxean jokatzen zuen Santiagotarrak taldearen atzetik. Lasterketa honetan alebinek eta infantilek ere parte hartu zuten. 

Igandean, bestalde, Zumaiako Urolaren 45. Igoera-Jaitsieran izan ziren Itxas Gaineko kirolariak. Taldekide guztiek emaitza bikainak lortu zituzten, eta horien guztien ahaleginari esker, beste bost urrezko eta bi zilarrezko domina eskuratu zituzten zumaiarrek. 

Etorriko diren lehiaketetara begira daude orain Itxas Gaineko piraguistak. Datozen egunetan jokatuko dituzte, besteak beste, Sanabriako autonomiazko k4 txapelketa, Pasaiako Itsas-kayak Lehiaketa eta Galizian jokatuko den abiaduriako Espainiako txapelketa.  

Olinpiar Jokoen bezperetan, Itxas Gaineko bere taldekideek zorterik onena desio diote Iñigo Peñari. 

Ikusi Urolaren 45. Jaitsiera-Igoeraren sailkapena hemen.