Oier Korta: "Garbi dago EH Bilduren eta EAJren ereduak ez direla berdinak"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 14a, 14:30

Agintaldiaren erdira helduta, COVID-19ak baldintzatutako azkeneko bi urteak izan ditu aztergai Zumaiako EAJko bozeramaile Oier Kortak. Udal gobernuak pandemia egoera kudeatu duen moduaz ere aritu da.

Zer-nolako balorazioa egiten du Zumaiako EAJk agintaldiko aurreneko bi urteez?

Bi faktore aipagarri ikusten ditut agintaldi honen lehenengo erdian. Batetik, aurreko agintalditik hainbat proiektu utzi genituela garatzeke eta horiek gauzatu edo bukatu behar zirela eta, bestetik, COVID-19a. Pandemiak sortutako egoerak erabat markatu ditu bi urte hauek.

Uste dut leialtasunez jokatu dugula eta, urte eta erdi honetan, udal barruan egin ditugula egin beharreko kritikak eta ekarpenak. Ez gara komunikabideetan irten. Dena den, besteak beste txertaketek lagunduta, zorionez, egoerak orokorrean hobera egin duela iruditzen zait, gazteen artean kasuen gorakadak izan diren arren. Beraz, EAJn uste dugu badela unea publikoki jakinarazteko zer irakurketa egiten dugun udal gobernuak pandemia kudeatu duen moduaz. Uste dut pixka bat motel ibili dela, eta ostruken moduan aritu dela nolabait.

Zergatik diozu udal gobernua motel ibili dela?

Iaz, COVID-19a gurera etorri zenean, emergentziazko mahai bat sortzea proposatu genion, eta begi onez ikusi zuen proposamena. Egoera berria zen denontzat. Gure proposamenak egin genituen mahaian; batzuk onartu egin ziren eta beste batzuk ez. Eta udal gobernua motel ibili dela diogunean, honexegatik diogu: guk garai hartan egin genituen zenbait proposamen konkretu baztertu egin ziren unean, baina onartu eta martxan jarri ziren aurrerago.

Adibidez, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak eten zirenean iaz, sektore horietara dirulaguntzak bideratzea proposatu genuen. Gure ustez, udala da gertuen daukagun erakundea, eta gainera, Zumaiako Udaleko egoera ekonomikoa ona zelako eta ahalmena zuela ikusten genuelako proposatu genuen, hain zuzen, udalak laguntza zuzenak ematea. Udal gobernuak, aldiz, geldirik zeuden enpresari eta autonomo txikiek Gizarte Zerbitzuetara jotzeko aukera zutela ikusten zuen, eta gehiago egiten zuen bide horren alde. Hasieran ezezkoa eman zigun alkateak, baina zorionez, aste batzuk beranduago, laguntza horiek martxan jartzea erabaki zuen udal gobernuak.

Beste adibide bat izan daiteke musukoena. Pandemia hasieran toki guztietan falta ziren; erakunde guztioi harrapatu gintuen ezustean egoerak. Horregatik proposatu genuen Zumaian boluntario sare bat sortzea musukoak egiteko, baina ezetz esan ziguten orduan ere. Aste batzuk galdu genituen, baina gero, sare hori martxan jartzea erabaki zuen udal gobernuak. Horregatik diogu poliki ibili dela.

Bestalde, ostruken modura aritu dela diogu, hain zuzen, motela izan delako komunikazioa herritarrekin. Haiei zuzendutako mezuak bota ditugu faltan. Izan ere, alkateak berak adierazi zuen Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean dokumentalean arauak ez zirela betetzen kalean. Uste dut egoera larria zela, bai, baina bere lekuan egoten jakin behar duela bakoitzak eta, kasu horretan, neurriak betearazi egin behar zirela. Informatu beharra zegoen, eta uste dugu udal gobernua ez dela horretan tematu.

Aurreko agintalditik hainbat proiektu gauzatzeke geratu zirela ere aipatu duzu.

Bideratuta utzi genituen hainbat proiektu, garatu egin behar zirenak. Esaterako, Larretxon igogailua egiteko proiektua eginda utzi genuen, lursaila erosteko diru partida ere bai, baina 2019an gobernua aldatu zenean, bertan behera geratu zen igogailua egiteko hartu genuen konpromiso hori. Bi urte beranduago, ikusten dugu, zorionez, EH Bilduk iritzia aldatu duela eta proiektua martxan jartzeko asmoa duela, baina uste dugu bi urte galdu ditugula proiektu estrategiko hori gauzatzeko. Skate parkea egiteko abiatu genuen proiektua ere baztertua izan da, baina uste dugu interesgarria dela gazteen aisialdiari begira.

Zein izan da EAJk azken bi urteetan egindako lanaren muina?

Pandemia garaian gure gertutasuna azaldu diogu udal gobernuari, halako egoera larri baten aurrean alderdikeria alde batera utzita. Leialtasunez jokatu dugu uneoro eta gure ekarpenak egin ditugu. Garatzeke utzi genituen proiektuen jarraipena ere egin dugu; azken finean, oposizioan zaudenean lan hori dagokizu, udal gobernuaren esku-hartzeen jarraipena egitea eta iritzia ematea.

Jakitun gara gehiengo absolutua duela EH Bilduk eta mugatua dela haren erabakien gainean guk izan dezakegun ahalmena. Udal gobernuak aurrera egin du esku artean zituen proiektuekin. Guk gure adostasuna erakutsi dugu ados egon garenetan, baina gure desadostasunak mahaira atera ditugu beste ikuspegi bat izan dugunetan, adibidez, Emakumeon* Etxea martxan jarri zenean.

Emakumeak ahalduntzeko bidean, Zumaiako alderdi politiko guztietan iruditzen zaizkigu interesgarriak halako ekimenak. Proiektuarekin ados egonda, ordea, azaldu izan dugu ez gaudela ados proiektua gauzatu den moduarekin. Emakumeon* Etxea kokatu nahi den eraikinean egokiagoa da, gure ustez, Gaztetxola kokatzea. Zorionez Gaztetxolari erabilera handia ematen zaiola eta espazioa txiki gelditu dela ikusi genuen, eta lokal handi horretara lekualdatzea egokia dela uste dugu. Ikusita gainontzeko herrietan Emakume Etxeek zer azalera duten, Gaztetxolaren gaur egungo lokalak Zumaiako Emakumeon* Etxea kokatzeko baldintzak betetzen dituela uste dugu. Udal baliabideak modu eraginkorrean erabili behar dira, eta gure ustez, esku-hartze bakar batekin, bi beharri erantzuteko aukera bazegoen: Gaztetxola lokal handiago batean kokatzea eta Emakumeon* Etxea martxan jartzea, gazteek gaur egun erabiltzen duten lokalean.

Alkateak adierazi izan du EH Bilduk norabide aldaketa bat jarri nahi izan duela martxan 2019an udal gobernuan sartu zenetik.

Eredu aldaketa horren inguruan hitz egitean, besteak beste, publifikazioaren inguruan mintzo izan dira haiek. Ekaineko ohiko osoko bilkuran eman zuten udal eraikinen garbiketa zerbitzua publifikatzeko pausoa, eta aurka bozkatu genuen EAJko zinegotziok. Izan ere, gaur egun hamasei zumaiarrek osatzen dute zerbitzu horretako plantilla, baina hamabi lanpostu baino ez ditu jasoko udalaren zerrenda publikoak. Horrek esan nahi du lau langile kaleratuko dituztela eta gainontzeko hamabiek froga batzuk gainditu beharko dituztela haien lanpostua mantendu ahal izateko. Horiek dira, hain zuzen, udal gobernuak emandako pausoaren eragin zuzenak.

Zerbitzu publikoak udal erakundeetatik zuzenean ematearen alde dago EAJ, baina uste dugu zerbitzu guztiak ez daudela maila berdinean. Nuklearrak direnak eman behar dituzte zuzenean administrazioek, baina beste hainbat azpikontratazioen bidez emateko aukera badago. EH Bilduk dio udalaren kudeaketa zuzenaren bidez hobeto emango direla zerbitzuak, eta guk ez dugu horrekin bat egiten. Orain arte aurkeztu diren txosten teknikoetako irizpideek ez dute zehazten, adibidez, udal eraikinen garbiketa zerbitzua hobea izango dela publifikatzen denean.

Bestalde, EH Bilduk aipatzen duen norabide aldaketa baldin bada autonomo eta enpresa txikiekin zuzenean lana egiteko genuen dinamika etetea, EAJk ez du bat egiten. Aurreko agintaldian, urtarrilero biltzen ginen herriko iturginekin, igeltseroekin, elektrikariekin nahiz arotzekin. Urtearen balorazioa egiten genuen, eta udalak zein lan egin nahi zituen eta zein aurrekontu zituen azaltzen zuen, besteak beste. Udalak egin behar dituen lanak aukera bat dira herriko enpresa txikiei lana emateko, baina EH Bilduren norabide aldaketa izan da udal brigada handitzea eta lan horietako asko, zuzenean, udalak egitea.

Garbi dago ereduak ez direla berdinak. Udal langileei lotutako kapitulua handitzea dakar EH Bilduren ereduak, eta gastu hori kroniko bilakatzen da udal aurrekontuetan. Udal diru-sarrerak ez direnez egonkorrak, erakundeak ere kolpatzen ditu krisiak, eta batzuetan murriztu egiten dira diru-sarrera horiek. Dena den, udal langileei lotutako gastua egonkorra bihurtzen bada, krisi egoeretara egokitzeko malgutasuna galtzen du udalak; besteak beste, gaitasuna galtzen du beharrezkoa denetan Gizarte Zerbitzuak indartu ahal izateko edo ekonomia sustatzeko neurriak martxan jartzeko.

Ez dakit hori den EH Bilduk dioen norabide aldaketa. Guri iruditzen zaigu herritarrei zerbitzu bat eskaini behar diela udalak, baina ezin ditu zerbitzu guztiak zuzenean kudeatu; nuklearrak direnak bai, baina ez guztiak EH Bilduk defendatzen duen bezala. Modurik eraginkorrenean eskaini behar dira zerbitzuak.

Zer lehentasun izango ditu Zumaiako EAJk datozen bi urteetan?

Hor dago Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), eta orain arte bezala, ekarpenak egiten jarraituko dugu. Uste dugu garrantzitsua dela HAPO, Zumaiaren etorkizuna definitzen duen iparrorratza baita. Orokorrean, kudeaketa eraginkor baten alde egiten jarraituko dugu, eta oposizioan egonda, udalean ematen diren pauso guztien jarraipena egingo dugu.

Adibidez, esan beharra daukagu udal gobernuaren proiektu izarra dela komentukoa, baina trakets ibili dela proiektua garatzerako orduan. Madrilgo 1,5% cultural izeneko dirulaguntza eskatu du komentuko proiektua aurrera eraman ahal izateko; hain zuzen, finantzazioaren %75 (3 milioi euro) estaliko luke laguntza horrek. Alkateari plenoan galdetu zitzaion ea proiektua gauzatuko litzatekeen laguntza hori jasoko ez balu, eta ezetz esan zuen. 1,5% cultural lerroko ebazpenak aztertzen baditugu, ikusiko dugu ia ezinezkoa dela laguntza hori lortzea, oso gutxitan eman direlako %75eko nahiz 3 milioi euroko laguntzak. Ikusiko dugu nola mugitzen den udal gobernua datozen urteetan.

Etxebizitzari lotutako zenbait erabakirekin ere erakutsi dugu gure desadostasuna. Zumaian, kostako beste herri askotan bezala, arazo bat da etxebizitza. Esaterako, San Migel auzoan etxebizitza gehiago eraikitzea onartu du udal gobernuak, eta libreak, gainera. Modu horretan ekimen pribatua da garaile, eta guk ez dugu horrekin bat egiten. Gure agintaldian ere enpresa berdinak behin eta berriz eskatu zigun etxebizitza gehiago egin ahal izatea San Migelen, baina ezetz esan genion. Zilegi da ekimen pribatuak ahalik eta etekin gehien lortzen saiatzea, baina udala ez da fin ibili etxebizitzaren arazoari aurre egiteko eta behar bezala negoziatzeko. EH Bilduk erabakitzen badu etxe gehiago egitea San Migelen, enpresa pribatuak irabazi gehiago izatea beharrean, etekin soziala lortzea bultzatu beharko luke udalak. Nolabaiteko babesa izan beharko lukete etxebizitza horiek, babes ofizialekoak edo tasatuak izanda, eta uste dugu posible zela negoziaketa horretan etekin sozial hori lortzea. Aukera bat galdu dugu guztiok.

Printzipio horren alde lanean jarraituko dugu guk hurrengo bi urteetan, baina EH Bilduk du gehiengo absolutua eta, San Migeleko kasuarekin gertatu den bezala, aurrera egin dezakete haien erabakiekin.