Kultur eta aisialdi jarduerak antolatzeko laguntzak eskatzeko epea zabaldu du udalak

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 13a, 16:30

Musika, dantza, kultura edota aisialdi alorreko elkarteek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. 2021ean antolatutako ekitaldiak lagunduko ditu udalak. 

Zumaiako Udalak kultur eta aisialdi alorrean lan egiten duten elkarteak diruz lagunduko ditu aurtengoan ere. Dagoeneko eska dezakete laguntza hori herriko kultur eragileek. Zehazki, bi deialdi egin ditu udalak: musika eta dantza alorreko elkarteei zuzendutakoa, batetik, eta kultura nahiz aisialdi alorrean lan egiten duten elkarteei bideratutakoa, bestetik. 

2021ean antolatutako ekitaldiak lagunduko ditu udalak, bai orain artean egindakoak, bai egitekoak direnak ere. Ekitaldi puntualengatik zein iraunkorrengatik emango dute laguntza. 

Hilaren 27ra bitartean eskatu ahal izango dira laguntzak, eta argibideak behar dituztenek Alondegiko bulegora deituta jaso ahal izango dituzte (943-86 10 56). Eskaera orria Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxean) edo Alondegian entregatu ahal izango dute elkarteetako ordezkariek. Online ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak, egoitza elektronikoan

Eskaera orriak deskargatzeko, jo Zumaiako Udalaren webgunera