Donostiako Klasikoak Zumaia zeharkatuko du uztailaren 31n

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 12a, 11:16
(biciciclismo)

Uztaileko azken egunean jokatuko da aurten Donostiako Klasikoa, eta azken edizioekin alderatuta, berrikuntza dira Azkarateko eta Urrakiko mendateak. Eguneko lehen gainak eskualdean egingo dituzte txirrindulariek, eta Zumaiatik ere igaroko dira.

Uztailaren 31n jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. 2019an jokatu zen azkeneko aldiz txirrindularien proba, eta bi urteren ondoren ibilbidean aldaketak iragarri dituzte antolatzaileek.

Lasterketan sei mendate puntuagarri izango dira, eta horietako bi izango dira Azkoitiko Azkarateko mendatea (3. mailakoa) eta Azpeitiko Urrakiko mendatea (2. mailakoa). Hain zuzen ere, probako lehen bi mendateak izango dira Azkarate eta Urraki, biak probako berrikuntzak.

Ohi bezala, Donostiatik abiatuko da lasterketa, eta Usurbilerako bidea hartuko du segituan. Handik iritsiko da proba Oriora, eta jarraian zeharkatuko ditu eskualdeko kostaldeko herri guztiak –Zarautz, Getaria eta Zumaia–. Zumaiatik Arroa aldera iritsiko dira lasterkariak, baina gero eskualdea utziko dute une batez, Itziar, Deba, Mendaro eta Elgoibar igarotzeko. Elgoibarko ordainsariaren aurreko biribilgunetik Azkoitiko Azkarate mendatera abiatuko da proba, eta handik iritsiko da Azkoitira. Azkoititik Azpeitirako bidea hartuko du tropelak, eta Urrakiko mendatean utziko dute eskualdea, Bidania-Goiaztik Tolosarako bidea egiteko.

Honako ordutegi hauek aurreikusi ditu antolakuntzak herri eta mendate bakoitzerako:

  • Orio: 12:20 aldean
  • Zarautz: 12:27 eta 12:30 aldean
  • Getaria: 12:32 eta 12:36 aldean.
  • Zumaia: 12:41 eta 12:46 aldean.
  • Arroa: 12:45 eta 12:50 aldean.
  • Azkarateko gaina: 13:25 eta 13:35 aldean.
  • Azkoitia: 13:33 eta 13:43 aldean.
  • Loiola: 13:38 eta 13:49 aldean.
  • Azpeitia: 13:42 eta 13:54 aldean.
  • Urrakiko gaina: 13:53 eta 14:06 aldean.