PAPERA

Jurgi Taboada: "Lehen beti esaten zen analogikoa ona zela eta digitala txarra, baina azken urteetan asko hobetu da"

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 11a, 10:00

Zarautzen jaioa, Jurgi Taboada (Zarautz, 1989) zortzi urte zituela joan zen familiarekin bizitzera Oikiara. Lanbidez tekniko komertziala elektronikako sektorean, musika barrenean darama txikia zenetik, eta grabazio estudioa zabalduko du Etxezarreta kaleko lokal batean. Ekaineko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Gogoan al duzu noiztik duzun musikarako zaletasuna?
Memoria dudanetik. Zortzi urte nituenean gitarra espainoleko kurtsora apuntatu nintzen, eta gaur egunera arte. Gitarra elektrikoarekin jarraitu nuen; punka, heavy metala, rocka jo dut; berbena batzuetan ere bai. Orain [grabazioko] ingeniari lanetan murgilduta nago. 

Musika taldeetan aritu zara.
Izu nauk izan da nire betiko taldea, lagun batzuekin sortu nuena. Heavy metala egiten genuen. Gero, uda garaian berbenetan jotzen zuen Karma taldean aritu naiz, Bostok 108 Azpeitiko taldean, baita Ibai Marin eta La Vieja Guardia taldean ere pare bat urtez. Muturreko heavy metaleko proiektu txiki batzuk ere izan ditut.

Azken urteotan diskoak grabatzera pasa zara.
2008an [Izu nauken] lehen maketa grabatu genuen Igor Gutierrez Jijasek Juan Belmonte kalean zuen estudio txikian, eta lan horretaz maitemindu nintzen. Hura zen gustatzen zaidana: mikrofonoak jarri, nahasketak egin, soinuak bilatu... Inflexio puntu bat izan zen; konposatzen baino denbora gehiago pasatzen nuen abesti horiek grabatzen eta ondo jartzen. Denborarekin, gitarra alde batera utzi eta horretan buru-belarri hasi nintzen. 

Ez al duzu sumatzen agertokira igotzeko beharrik?
Izu nauk 2015. urtean utzi genuen, eta handik bizpahiru urtera izan nuen eszenatokira berriro igotzeko gogoa. Ibaik [Ibai Marin] bere proiektuan sartzeko aukera eman zidan. Oso gustura hasi nintzen, baina berehala sentitu nuen beherakada; hor konturatu nintzen berriro nire orduak eta esfortzuak grabazioan jarri nahi nituela. Lan horrek betetzen nau gehiago.

Mundu hau ezagutzen ez duenak pentsa dezake zure lana ‘rec’ botoiari ematea besterik ez dela...
Lehenbizi, esperientzia izan behar da, eta esan daiteke ni oraindik hasi berria naizela. Badago lan honetan 40 urte daramatzan jendea, eta ni oraindik ikasten ari naiz; beti ikasten ari zaren mundua da hau. Leku berera heltzeko mila modu eta teknika daude, eta ordu asko eman behar dizkiozu. Nik badakit, adibidez, bateria bat grabatzeko zer mikrofono gustatzen zaizkidan. Baina, beste bati beste mikrofono bat gustatuko zaio, agian. Nik ezingo nuke mikrofono haiekin lan egin, baina hark bai, eta, azkenean bion soinua da ona. 

Ingeniari edo ekoizle bezala, noiz dakizu abesti bat bukatuta dagoela?
Oso obsesiboa izan daiteke, eta urteekin ikasten duzu; urteak pasatu ditut abesti berarekin bueltaka, behin eta berriro hasita. Lan honetan hasi nintzenetik hamahiru urte pasa dira, eta gaur egun lauzpabost ordutan hasi eta bukatzen dut abesti bat. 

Abesti baten konposatzaile izanda, arriskutsua ere izan daiteke kanta hori zuk zeuk nahastea, ezta?
Norberaren abesti bat nahastea ez da gomendagarria; inoiz ez da zuk nahi duzun bezain ona izango; beti aurkituko duzu akatsen bat. Baina, beste norbaiten abesti batekin ari zarenean objektiboagoa zara; abesti bera ere freskoagoa duzu, eta berehala dakizu kanta horrek zer behar duen. 

Filtroak direla, emuladoreak direla, beste tresna batzuk direla... Teknologiarekin ere egunean egon beharko duzu.
Bai, baina, hala ere, gaur egun teknologia pila bat hobetu da. Lehen beti esaten zen analogikoa ona zela eta digitala txarra. Hori azken hamar urteetan asko hobetu da. Orain ez dugu behar bi metro luzeko kontsola bat, kontsola horrek izan dezakeen soinua lortzeko. 

Talde batzuek beren diskoak modu analogikoan grabatzen dituzte oraindik, zinta magnetikoan. Horren atzean zer dago, erromantizismoa?
Nire ustez bai. Musikariarentzat garrantzitsua izan daiteke; zintan grabatzeak badu bere xarma. Orain, alderdi teknikotik praktikoa den? Bada, ez. Musikari batek akats bat egiten badu, [digitalean grabatuta] guk berehala konpon dezakegu; zintan grabatu badu, hori ezin duzu konpondu. Nahiko nuke halako kontsola bat eduki, baina nire etxeak berak baino gehiago balio duen kontsola bat izan baino, nahiago dut diru hori beste nonbaiten inbertitu. Gaur egun, teknologiarekin dena egin dezakezu, baina horrek ez du esan nahi dena egitea ondo dagoenik. 

Ekoizle batek aholkuak ere ematen dizkie musikariei. Zuk hala egiten duzu? Edo musika grabatu besterik ez duzu egiten?
Ekoizle lan pixka bat ere egin behar da. Talde bat grabatu aurretik pare bat entsegutara joatea gustatzen zait; proposamenak egiten ditut, eta gero taldeak erabakiko du zer egin nahi duen. Beraien diskoa da, ez nirea. Azken finean, beraiek egon behar dute zoriontsu produktu horrekin. Nire lana beraiek nahi duten hori lortzea da. Nik ikuspuntu bat izan dezaket, baina beraien zoriontasun hori lortzen lagundu behar dut nik. 

Zer talde grabatu dituzu orain arte?
Nire gauza propio asko grabatu ditut, baina horretaz aparte Sexplotionen diskoa grabatu nuen, Breaking Brokkolirena; Toilet Warriorsena ere egin nuen, The New Brigaderena, eta Marliken biak. Orain Lasarte-Oriako Kinada taldea grabatuko dut. Taldeak etengabe ari dira sormena lantzen; denek nahi dute zerbait grabatu, eta esan daiteke grabazio teknikariontzako lana ez dela falta. 

Estudio propioa zabaldu behar duzu orain...
Ozen Estudioa proiektua orain urtebete hasi nuen, lan hau pixka bat serioago hartzeko. Lagunak-eta grabatu ditut Usategian, disko batzuk egin ditut, baina lana serioago hartu nahi nuen, eta aukera sortu zitzaidan lokal bat hartzeko. Ea uda amaierako lanak bukatuta dauden eta grabatzen hasten naizen. Nik nire etxean gela bat prestatu dut estudio bezala, eta orduak eta orduak hor pasatzen ditut. Hor gitarrak edo ahotsak graba ditzaket, baina bateriarik ez. Grabatzea nire hobbya da, baita bigarren lana ere, eta lokal honekin buru-belarri murgilduko naiz.