Ispilu batek islatu dezakeena

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 7a, 17:15
'Maskarada sisters' lana.

Maskarada sisters lanarekin, aurtengo Argizaiola Saria irabazi du Eva Franco zumaiarrak. "Emozioak transmititzen" eta "istorio bat kontatzen" duten lanak atsegin ditu, eta horretan saiatu da oraingoan ere.

Aurten ere antolatu du Argizaiola sariketa Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak; 1973an jarri zuten martxan lehiaketa eta, beraz, 41. edizioa izan da honakoa. Oraingoan Zumaiara ekarri du sari nagusia Eva Franco argazkilariak, epaimahaiak (Arka Devbil, Nuria Gonzalez eta Javier Alonso) hala erabakita, zumaiarrak irabazi baitu aurtengo Argizaiola Saria.

Maskarada sisters izeneko lana aurkeztu zuen lehiaketara Francok, hain zuzen, Maskarada proiektuaren barruan egindako argazki bat. Zumaiarrak azaldu duenez, "proiektu pertsonal bat da Maskarada", eta "gure kultura, gure tradizioa eta gure mitologia" nahiz "emakumeen papera" lantzen ditu. "Uste dut, emakume gisa, ez ditugula sustrai horiek galdu; badugu sorginkeria puntu bat oraindik", dio.

Istorio bat

Sariketara aurkeztu den aurreneko aldia izan da zumaiarrarentzat, eta adierazu du "sekulako ezustekoa" izan dela sari nagusia irabaztea. Uste du lehiaketa askotan teknikari erreparatzen diola epaimahaiak eta "argazki politak" izatea bilatzen dela, eta ez direla hainbeste begiratzen, agian, irudi horiek "transmititzen dituzten emozioak" edo "kontatzen duten istorioa". "Askoz ere lan pertsonalagoak dira istorio bat kontatzen duten argazkiak", hausnartu du Francok. Horren adibide modura aipatu ditu esaterako, Oskar Mansoren (aurten bigarren saria lortu du Argizaiolan) eta Arka Devbilen (iaz irabazi zuen Argizaiola Saria) lanak.

Francoren Maskarada sisters izeneko argazkian, esaterako, Mari ageri da ispilu batean. Egilearen arabera, "emakume guztion isla" da hori: "Emakume guztiok daramagu Mari bat barruan". Irudia "indartsua" delakoan dago, eta zenbait gai barne hartzen dituela iritzi dio: "Emakumeak, indarra, Euskal Herria, Lurra, sustraiak, mitologia, ahalduntzea", eta abar. "Denboraz kanpoko" lan bat dela ere nabarmendu du: "Argazkia ikusita, ezin duzu jakin zein mendetan ateratakoa den. Denbora ere bada inspirazio-iturri bat niretzat".

Argitara

Argazkiak egiteko prozesuan, zumaiarrak azpimarra egin dio irudietan jasotzen den "atmosfera sortzeko" prozesuari. Duela ez askora arte, lan horren emaitza beretzat gordetzen zuen, baina bada denboratxo bat bere argazkiak argitara ere ateratzen dituela, eta zenbait sari irabazi ditu jada. Azken urtean, adibidez, Argizaiola Saria nahiz Zarauzko Ramon Serras lehiaketako hirugarren saria eskuratu ditu.

Francoren esanetan, lehiaketetara aurkeztea nolabaiteko "erronka bat" izan da beretzat, bere argazkiekin, azkenean, "zerbait egiteko": "Urte asko daramat argazkiak egiten, baina beti egin ditut niretzako; beti izan ditut gordeta. Nire lana ordenagailutik ateratzeko modu bat izan da sariketetan parte hartzea".