Lehia estua jokatu dute Telmo Deuneko gizonezkoek gaurko estropadan

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 3a, 19:28

Zortzigarren sailkatu da Delteco-Zumaia Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta KAE1 ligan borroka handia egongo dela ikusi da, lau jardunalditan lau traineru desberdin gailendu direlako.

Lau tandatan jokatzen ari dira KAE1 liga, eta oraintsu amaitu da gaurko jardunaldia, 17:30ean Donibane Lohizunen (Lapurdi) hasi dena. San Juan izan da bizkorren gaur, 20:18,12 denbora eginda, eta bigarren egin dute getariarrek, 20:22,40 denborarekin.

Telmo Deuneko mutilek gogor borrokatu dute estropada, eta Kaiku eta Orio Bren artean sailkatu da, zortzigarren, 20:47,44 denbora eginda. Hamar segundo baino gehiago atera dizkio, esaterako, Orio B taldeari.

Sailkapen orokorrean ere zortzigarren dira zumaiarrak 26 punturekin. Lider, berriz, San Pedro dago, 46 punturekin.

Gari Goiko klubeko ordezkariak positiboki baloratu du etxekoen lana: "Estropada ona egin dute mutilek, lau tanda egoteak liga desitxuratzen duelako. Ikusi da, baita ere, liga oso berdinduta dagoela, estropada bakoitza traineru desberdina ari delako irabazten. Guk borrokan jarraituko dugu".

Bihar Sestaon jokatuko dute KAE1 ligako estropada, 11:30ean hasita.

SAILKAPEN OROKORRA

1. SAN PEDRO 46
2. GETARIA 42
3. SAN JUAN- ORERETA BERRIKUNTZAK 41
4. KAIKU BEREZ GALANTA 41
5. SDR PEDREÑA 38
6. DEUSTO-BILBAO 36
7. ARKOTE URIBE KOSTA 33
8. DELTECO-ZUMAIA 26
9. ORIO-ORIALKI 17
10. CAMARGO cueva el Pendo 15
11. ASTILLERO 12
12. CASTRO PRODUCHA 12
13. LAPURDI-Antton Bilbao 5