Biharamuna hari batean

Gonzalo Torre | Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2021ko uzt. 4a, 09:00
Arroaerrekako errekastoaren bailara (Zestoa). Zumaian Narrondo ibaia izenez ezagunagoa da.

Mundu mailan ingurumenaren eta biodibertsitatearen egoera ebaluatzeko ardura Natura eta baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna izeneko erakundearen lana da, eta urtero mehatxatutako bizidunen zerrenda eguneratu eta argitara eman ohi du. Azken txostenetako bat abiapuntutzat hartuta, artikulu honetan, gure ingurune hurbilean desagertzeko arriskuan dauden espezieetan jarriko dugu arreta. Izan ere, nork ez du Zumaiako kaleetan ezustean agertu zen igarabaren berririk izan? Gertakari berezi horrek egoera gorrian dauden espezieen auzia lehen lerrora ekarri du.

Natura eta baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna (NKNB), 1948. urtean, Nazio Batuen Erakundeak sortutako instituzio bat da. Ingelesezko siglengatik ezagunagoa -IUCN-, guztira, 1.400 gobernu erakunde eta gizarte zibileko eragile baino gehiagok osatzen dute. Hori dela eta, ingurumen egoerari eta hura babesteko beharrezko neurriei dagokienez, NKNB munduko autoritaterik handiena da.

Aldizka egiten duen moduan, 2020an NKNBk argitaratutako landare, animalia eta onddoen biziraupena aztertzeko zerrendaren azken eguneraketan albiste onak eta txarrak zeuden. Berri onen artean, esaterako, aipatu behar da bisonte europarra berreskuratu egin dela. Ehiza eta habitataren galera medio, Europako bobidorik handiena XX. mendearen hasieran desagertzeko zorian egon zen. Egun, berriz, talde basatietan bildurik, kontinente osoan 6.000 ale baino gehiago dago.

Hala ere, azken zenbaketatik hona 31 animalia eta landare espezie desagertu dira munduan; besteak beste, igelak, arrainak, zenbait landare eta saguzar bat. Guztira, 35.500 espezie baino gehiago daude galzorian; bestela esanda, orain arte ikertutako espezieen % 28 mehatxupean dago.

Hori horrela, anfibioen % 40, arrain kartilaginosoen (marrazoak eta arraiak) % 33, ugaztunen % 26 eta hegaztien % 14 Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian daude.

Mehatxatuta dauden EAEko espezieen zerrenda

Autonomia eremu hurbilenean, arriskuan dauden espezieak Natura Babesteko Legeak (16/94 Legeak) araututako Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan biltzen dira. Katalogo horretan jasotzen dira babes neurri bereziak behar dituzten espezie, azpiespezie edo populazioak, eta zerrendatutako bizidunak 4 kategoriatan sailkatzen dira:

  • Galtzeko arriskuan daudenak, hau da, baldintzak aldatu ezean bizirauteko aukera txikia dutenak.

  • Kalteberak, aurka dituen faktoreak zuzentzen ez badira, aurreko kategorian sartzeko arriskuan daudenak.

  • Bakanak. Kategoria honetan tamaina txikiko populazioa duten espezie edo azpiespezieak sailkatzen dira, betiere galtzeko arriskuan ez badaude, edo kalteberak ez badira.

  • Interes berezikoak. Aurreko kategorietan egon gabe, balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik, edota bere apartekotasunagatik, arreta berezia merezi duten bizidunak dira. 


2. irudia. Itsasoko igitai-belarra. Zumaiako dunetan bizi den landare kaltebera.

Gaur egun 375 espeziek osatzen dute Euskadiko katalogoa: horietatik, 88 galtzeko arriskuan daude, 113 kalteberak dira, 83 bakanak izeneko kategorian sailkatu dituzte eta 91 interes berezikotzat jotzen dira. Zerrendatutakoen tipologiari dagokionez (erreparatu 01 grafikoari), ia espezieen erdiak loredun landareak dira, eta beste laurdenak hegaztiak. Aldiz, gutxien ordezkatutako taldeak krustazeoak, moluskuak, intsektuak eta gimnospermak (koniferoak eta antzekoak) dira.


01 grafikoa. Arriskuan dauden espezieen zerrendako taldeen banaketa (Geoparkearen zerbitzu teknikoek egina)

Betiko galtzeko zorian

Aurrean aipatu bezala, EAEn, 88 dira desagertzeko arrisku larrian dauden espezieak, eta kategoriotan ere erdiak landareak dira. Adibidez, azken horien artean daude nahiko ezezagunak diren olibondo basatia, nenufar zuria, eguzki ihintza landare haragijaleak edo otsagereziondoa.

Animalien artean, zoritxarra erdibana banandurik dago ornogabeen eta ornodunen artean, eta horietatik 44 zaurgarritasun handiko egoeran daude. Hegoaldeko zuhaitz igela, itsas lanproia, ugatza, muturluze piriniotarra, igaraba edo ibai karramarro arrunta, beste askorekin batera, kategoria horretan egoteko zalantzazko ohorea dute.

Eta gure inguru hurbilean? Bada, zerrendako beste animalia batzuk hedapenerako toki egokia izanik ere, 5 dira Geoparkean egiaztatuta bizi eta galtzeko arriskuan diren espezieak: ibai karramarro arrunta, miru gorria, bisoi europarra, ferra saguzar mediterraneoa eta igaraba, hain zuzen. Ondorengo lerroetan animalia horiek zertxobait hobeto ezagutuko ditugu.

  • Ibai karramarro arrunta krustazeo txikia da, eta mendebaldeko, erdialdeko eta hegoaldeko Europako eremu karetsuetako sakonera txikiko ibai eta errekatxoak ditu gustuko. Gizakiak sartutako beste karramarro batzuei lotutako onddo baten erasoaren ondorioz, XX. mendeko 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera karramarro horren populazioak nabarmen murriztu dira. Dena den, Geoparkeko hainbat errekastotan mantendu da eta birpopulatzeko lanak egiten ari dira.

  • Miru gorria tamaina ertaineko harraparia da, identifikatzeko erraza: hegan oso trebea da, urkila itxurako buztana du eta kolore gorrixka nabaria da. Pestiziden bidez pozoitu zirelako, jazarpena pairatu duelako eta naturaguneak galdu direlako, miru gorrien populazioa gutxitu egin zen Europa osoan. Hala ere, lege babesak eta espeziea berriz sartzeko proiektuak abian jartzeak haren suspertzea ekarri du, eta 2020an NKNBko zerrendarik beltzena atzean utzi du.

  • 3. irudia. Miru gorria hegan (Hansueli Krapf CC BY-SA 3.0)

     

  • Bisoi europarra neurri txikiko mustelidoa da eta landare marduleko ibaiertzetan, lakuetan, paduretan edo zingiretan bizi da. Ibaietan naturalizatutako bisoi amerikarraren habitat berbera partekatzen du, eta horrek eragin dio gainbehera; izan ere, Ipar Amerikatik larrua ekoizteko ekarritako hurbileko senidea bera baino askoz oldarkorragoa da eta baliabide berberak lortzeko lehiakidea du. Europako ugaztun mehatxatuena da, eta ez dugu ezagutzen zer egoeratan dagoen Geoparkean. 

     

  • Ferra saguzar mediterraneoa. Saguzar honen populazioa oso txikia da eta Geoparkeko kobazulo batzuetan egotea posiblea da. Taldeetan bizi ohi da eta udan gizakiari lotuago dauden babeslekuak ere erabiltzen ditu (bordak, utzitako eraikinak, etab.). Haren populazioak erregresioan jarraitzen du.

     

  • Igaraba. Artikulu hau labean zegoenean Zumaiako kaleetan azaldu zen, ezustean, eta, hala, ezin da aipatu gabe utzi. 1950etik aurrera erregresio-prozesu handia jasan zuen, EAEko isurialde atlantikotik erabat desagertu arte. Hala ere, haragijale honen populazioak aurrera doala dirudi eta gero eta sarriago ikusten da Gipuzkoa eta Bizkaiko ibaietan. Dozenaka kilometroko lurraldeetan ibiltzen den espezie bakartia da.


4. irudia. Igaraba Zumaiako kaleetan (Iñigo Odriozola)

Kudeaketa planak

Natura Babesteko Legearen arabera “espeziea behin zerrendatuta, kudeaketa plana idatzi eta onartuko da”. Kudeaketa plan horiek espezieen gaineko mehatxuak ezabatzeko behar diren jarraibide eta neurriak bilduko dituzte, eta, era berean, bertako populazioen berreskuratze, kontserbazio eta erabilera egokia sustatuko dute. Horretarako beharrezkoa da, baita ere, haien habitaten babesa eta mantentzea.

Aurreko guztiaren arabera, arriskuan dauden espezieen Euskadiko zerrendan sartutako espezie guzti-guztiek berezko kudeaketa-plana izan beharko lukete. Alabaina, errealitatea oso bestelakoa da eta haietako 16k baino ez dute beren biziraupenaren alde egingo duen kontserbazio tresnaren bat. 

Lurralde historiko bakoitzean espezie batek plan bana duela kontuan hartuta, Bizkaiak 8 plan onartu ditu, Arabak 7 eta Gipuzkoak, berriz, 3. Hiru lurraldeetan kudeatzeko plan bat daukan espezie bakarra bisoi europarra da eta hegazti nekrofagoena hirurek adostu dute, baina inork ez du oraingoz dagokion foru araua onartu.

Hortaz, mapa juridiko horrekin, bisoi europarra da Geoparkeko hiru herrietan kudeatutako espezie mehatxatu bakarra, eta bi dira animalia horrentzat interes bereziko izendatutako guneak: Mijoa eta Artzain erreka, Mutrikun, eta Arroaerreka, Zumaian. Gune horietan, espezie kontserbatzeko neurri bereziak hartu beharko dira eta zenbait jarduerak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena edo aldeko txostena beharko dute.

Azken ohar gisa, legea indarrean egon den 26 urteetan, zaintza intentsiboa behar duten espezien % 4k baino ez du kudeaketa plan egoki bat lortu. Gutxitxo, ezta? Gauzak asko aldatu behar dira gure inguruan espezie hauen pelegrinajeak amildegian buka ez dezan.