"Beti ibiltzen gara maleta batekin"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 3a, 09:00

Malen Etxea emakume etorkinen elkartearen esanetan, harrera etxeak dira bere indarguneetako bat. Badu harrera etxe finko bat Zestoan, eta Zumaian badute behin-behineko leku bat gaur egun: urtebetez izango dira Kofradiako etxebizitzetako batean. Malen Etxeko Jessica Guzmanekin eta Silvia Carrizorekin hitz egin du BALEIKEk, eta aztergai izan dute emakume etorkinen egunerokoa, etengabeko trantsizio behartuak markatua. 

Harrera etxeei lotutakoa izan da Malen Etxearen proiektu nagusietariko bat. Zer dela eta jarri zenituzten martxan harrera etxeak?

Jessica Guzman: Lan bila etortzen diren emakume guztiengan pentsatu genuen; trantsizioan dabiltzan emakume etorkinengan. Haietako askok hartu behar izaten dituzte topatzen dituzten lehenengo lanak, eta horrek lan esplotazio eta gehiegikeria egoera askori ematen die bide. Malen Etxearen ideia da emakumeei babes puntuala ematea oinarrizko behar bati erantzunda: etxebizitza. Eta zaurgarrien dauden unean ematen zaie babes hori; sarri, lan bila ari garenean baikaude zaurgarrien.

Hona heldu eta toki bat izateak aukera ematen du erabat desegokiak diren eta eskubideak urratzen dituzten lanei ezetz esan ahal izateko. Askotan hortik baitator edozein lan onartzeko desesperazioa, aterpe baten beharretik. Hori nolabait etetea lortu dugu harrera etxeen bidez, ez daitezen behartuta egon edozer onartzera, eta ahaldundu eta haien eskubideak ezagutu ditzaten. Askotan ez baitakite haiek ere badituztela eskubideak. Aterpe batek, gainera, ahalbidetzen du emakume horiek sendoago egotea, guztiz suntsituta iristen baitira asko, maleta batekin bakarrik. Nik beti esaten dut emakume etorkinak beti ari garela maleta egiten eta beti ibiltzen garela maleta batekin, batetik bestera.

Hasieran asmoa zen emakumeak hiru hilabetez soilik egotea harrera etxeetan, baina konturatu ginen epe hori ez dela ezer, eta nahikoa denbora eman behar diegula emakumeei, haien kabuz hegan egiteko gai izan daitezen. Asko paperik gabe eta sekulako zorrekin etortzen dira, gaixo, adin handiarekin...

Silvia Carrizo: 55-60 urtekoen egoera zaila da, inork ez dituelako adineko pertsonak zaintzeko lanerako hartu nahi eta, gainera, herrialde guztiek ez dituztelako Gizarte Segurantzako hitzarmen bilateralak. Esaterako, Nikaraguako emakumeen kasuan, hemen urte luzez lan egin eta kotizatu arren, baliteke Nikaraguan erretiroa hartzeko aukerarik ez izatea, hango lan biografian ez direlako aintzat hartzen hemen lan egin dituzten urteak, eta alderantziz.

Nolako emakumeak etortzen diren ikusita, azken urteetan ikusi al duzue aldaketarik?

J.G: Nikaraguatik eta Hondurasetik etortzen dira gehienak, baina gaur egun, sobera gazteak izaten dira, baita 18 urtekoak ere. Lehen 30-40 urterekin etortzen ginen. Horrek esan nahi du, askotan, ikasketarik gabe etortzen direla. Eta gazte sektorea are zaurgarriagoa da.

Baina ez da emakumeen profila aldatu den gauza bakarra. Duela hamahiru urte etorri nintzen ni, eta garai hartan 1.000 euro irabazten nituen lanean. Orain baxuagoak dira soldatak. Azkeneko krisiekin, aurrera egin beharrean, atzera egin dugu. Krisi bakoitzean, gu gara atzera gehien egiten dutenak eskubideei eta soldatari dagokienez.
S.C: Pandemia urte honetan denetarik ikusi dugu. Gauzak gaizki zeuden lehen, eta esplotazio eta gehiegikeria egoera errematatu du COVID-19ak. Lehen ere hitz egin genezakeen lan esplotazioaz ordaindutako etxeko lanen sektorean. Baina, gaur egun, parez pare topatu gara zuzenean lan esplotaziorako gauzatzen den emakumeen salerosketarekin. Sozialki lotsagarriak diren esplotazio mailak aurki ditzakegu.

Parez pare topatu gara zuzenean lan esplotaziorako gauzatzen den emakumeen salerosketarekin.


Zer nolakoa da salerosketa hori?

J.C: Lan trafikoaz ari gara, eta zaintza lanen sektorean emakumeen salerosketaz arduratzen diren lan agentziez ari gara. Duela urte gutxi, pentsatzen jarri ginen: nola iristen ziren hona hain neska gazteak, eta baliabiderik izan gabe? Ez genuen ulertzen, gutxieneko diru kantitate bat behar baita hegazkineko txartela erosteko. Konturatu ginen azken urteetan lan trafikoko kasuak izan direla Nikaraguan, eta hona bideratzen dituztela emakumeak.
Emakumeei diru kantitate bat eskaintzen diete mailegu emaileek, hegazkinerako txartela edota pasaportea ordaintzeko, eta hona heltzean diru kopuru txiki bat eskuragarri izateko. Trukean, baina, sekulako diru kantitateak exijitzen dizkiete gerora, interesekin. Askok senideen etxebizitzak uzten dituzte hipotekatuta haien herrialdeetan. Emakume horiek zorpetuta datoz hona.

Bilbora edota Sevillara heltzen direnean, gela batean sartzen dituzte dozenaka emakume. Lan agentziek lana bilatzen diete, eta miseria baten truke (500-600 euro) lan egitera behartzen dituzte. Askotan, familia enplegatzaileek ez dute hori guztia jakiten, enplegatzaileen eta emakume langileen arteko bitartekaritza lanak egiten baitituzte agentziek. Hortaz, familiei iruzur egiten diete sekulako diru kantitateak eskatzen dizkietelako, baina gero, miseriazko soldatak ordaintzen dizkiete emakumeei.

Jasan behar duten guztia jasaten dute haiek, daukaten zorra kitatu arte. Eta ordaintzen dute, baina sekulako kostuarekin. Kanoi bazka dira edozein gehiegikeriatarako, lana galdu eta zorra handitzeko beldur baitira, zorra handitzen joango delako. Gainera, askok etxeko langile egoiliar modura jarduten dutenez, lana galduz gero, etxea ere galtzen dute. Eta horrekin, erroldatze-agiriak.

S.C: Migratutako emakumeen gorputzak behar ditu sistemak, zaintza lanetan, erreprodukzio zerbitzuetan eta sexu zerbitzuetan esplotatzeko. Gorputz horiek behar ditu, leku horietan kokatu dituelako gizarteak berak. Baina, duela urtebete, eten egin zen emakumeen trafiko etengabea, hegazkinak gelditu zirelako. Esplotatzeko gorputzak behar dituzte oraindik, ordea; gorputz horiekin elikatzen dira merkatu horiek. Horregatik indartu dira erkidegoen arteko salerosketa sareak.

Hazi egin da zaintza zerbitzuetako lan esplotazioa helburutzat duen emakumeen salerosketa. Zergatik? Gaur egungo egoeran, gurasoak adinekoen egoitzetara eramateko beldur delako gizartea. Orduan, emakumeak kontratatuko dituzte zaintza lanetarako. Baina, noski, ez gara hitz egiten ari erosteko ahalmen handia duen jendeari buruz, mileuristez baizik; askok, izatez, ez daukate gaitasunik langileak kontratatzeko. Malen Etxeak horregatik esaten du badagoela konplizitate esplizitua nahiz inplizitua Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien partetik, emakume etorkinen lan esplotazioari dagokionez.

 

Zaintza arloan ezartzen den politika orok emakume etorkinen esplotazio egoera mantentzea ahalbidetzen du. 


Zer esan nahi duzue instituzio publikoen konplizitatea aipatzen duzuenean?

S. C: Zaintza arloan ezartzen den politika orok emakume etorkinen esplotazio egoera mantentzea ahalbidetzen du. Erregimen berezitu batean egiten dute lan emakume horiek, eta instituzioek oinarrizko eskubideen urraketa baimentzen eta errazten badute, badakigu zer gertatzen den gizartean: bide ematen zaie gehiegikeriei.

J. G: Enplegatzaileek askotan esaten diete langileei ezin dietela gehiago ordaindu, eta normala izan daiteke hori. Baina, hain zuzen, hor egon behar dira politika publikoak, zaintza nahiz lan duin bat bermatzeko. Ez da posible azken mailan dauden langileek ordaindu behar izatea ezintasun horren ondorioak, eta familiek behartuta ikustea euren burua esplotazio kate bat izatera, haien senide bat zainduta egon dadin. Adineko pertsonek ondo zainduta egon behar dute, ez baitira ez oztopo bat, ez 500 euro. Baina haiek behar bezala zainduta egotea ezin da bermatu langileek baldintza negargarriak izatearen kontura. Ezin da langileek baldintza horiek onartzeko prest egotearen menpe egon.

Horrek esan nahi du antolatu egin behar dela hori guztia, eta estatu politika bat izan behar dela. Egiturazko erantzun bat eskatzen dugu, eta asko dira aukerak.



Etxeko langile egoiliar modura egiten dute lan emakume etorkin askok.

J.G: Asko dira. Paperik ez daukatenez, asko ez daude erroldetan, baina hor daude. Ez dira kalean eskean egoten, edo ez dute herriko plazan lo egiten, beti egongo delako lagundu eta muturreko egoera hori ekidingo duen beste emakume etorkin kide bat; baina hor daude. Atari bakoitzean dago etxeko langile egoiliar bat. Eta ikusarazi egin behar ditugu.

Langile horiek ere haien eskubide guztiekin errespetatuak izatea eskatzen dugu, oinarrizko gauzak ere ez baitira errespetatzen: lanaldi bat, atseden orduak, gutxieneko soldata...

Bestalde, jendeak badaki etxeko langile egoiliarrak badaudela, baina inor gutxik barneratu du lan erregimen horrek ez lukeela existitu behar. Ez da posible 24 orduz etxean sartuta lanean ari diren emakumeak egotea, garatua dela dioen gizarte batean. Uste dut, berez, gizarte honetan inork ez lukeela lan egin nahi etxeko langile egoiliar gisa; 24 orduko lana da.

S.C: Emakume etorkinak pobretuta etortzen dira hona, eta haien urterik onenak eta, azken batean, haien bizitzak ematen dituzte lan horietan. Eta herrialde honek emakume etorkinen bizitzez abusatzen du, esklabotza erregimen bat inposatzen baitie. Gizarteak bizia kentzen die.

Behartutako migrazioa da, egoera ekonomikoagatik kanporatzen baikaituzte gure herrialdeetatik.


Zerk bultzatzen ditu migratzera?

J. G: Egoera ekonomikoak. Seme-alabak edo guraso zaharkituak mantendu nahi baditugu, mugitu egin behar dugu lan egin ahal izateko. Behartutako migrazioa da, egoera ekonomikoagatik kanporatzen baikaituzte gure herrialdeetatik. Eta egoera horrek behartzen gaitu, lehen pentsaezina zirudien arren, mugitzera eta miseriazko lanak onartzera. Baina egiten dugu. Eta hemen harrapatuta geratzen gara askotan, itzuli ezinik. Eta azkenean ez gara ez hemengoak, ez hangoak.

Beti egon da eta egongo da immigrazioa, eta egoera ekonomikoek eragingo dute horretan. Uste dut pandemiaren ostean immigrazio handia egongo dela; jendea edozein baldintzatan etorriko da, batez ere emakumeak. Hemen biztanleria zahartzen ari da, gainera.