Sei kasu positibo hauteman dituzte Zumaian

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 1a, 13:28

Eremu gorrian jarraitzen du herriak, eta 518,98an kokatu da intzidentzia tasa.

Eusko Jaurlaritzak eman du argitara egoera epidemiologikoari buruzko txosten eguneratua, eta horren arabera, Zumaian sei kasu positibo baieztatu dituzte azken orduetan, atzo baino hiru gehiago. Tasa 518,98an kokatu da, eta eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Eskualdean, guztira, 16 positibo atzeman dituzte azken orduetan, herenegun baino sei gehiago. Zarautzen sei positibo izan dira, eta herria eremu horian dago, 124,21eko intzidentzia tasarekin. Horiez gain, Azpeitian hiru positibo detektatu dituzte (197,12 tasarekin eremu horian), eta Zestoan bakarra (51,36ko tasa).

Positiborik izan ez den herrietan hutsean dute tasa, Azkoitian eta Orion izan ezik. Lehenengoan 41,73 da zifra, eta bigarrenean 48,92. Bi herriak eremu berdean daude momentu honetan.

Positiboak gora Hegoaldean
Hego Euskal Herriko datuek okerrera egiten jarraitu dute azken orduetan. Herenegun 366 positibo detektatu zituzten, eta atzo egindako frogetan 458 izan dira guztira. Araban 37 atzeman dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 165 eta beste herrialdeetan bizi diren herritarren artean 8. Hori dela eta, hiru lurraldeen bataz besteko RO indizea 1,15 izatera pasatu da. Osakidetzaren mendeko ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 20 lagun gehiago ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Momentu honetan, denera 62 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 32 ZIUetan.