XII. Flysch Traila

700 kirolarik parte hartu ahal izango dute aurtengo Flysch Trail lasterketan

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 29a, 15:30

Urriaren 3an egingo dute hamabigarren Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa. Amaia Aranzabal eta Josu Bereziartua goimendizaleak omenduko dituztela ere iragarri dute antolatzaileek.

Iaz bertan behera utzi behar izan zuten Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketaren hamabigarren edizioa, beste hainbat kultur eta kirol jarduera bezala. Aurten, dena ondo bidean, urriaren 3an jokatuko da, eta antolakuntza hasia da prestaketa lanekin. Iragarri dutenez, uztailaren bigarren astean zabalduko dute izena emateko epea. Distantzia luzeko eta laburreko lasterketetako parte hartzaileak kontuan hartuta, 700 korrikalari izango dira gehienez ere aurtengoan. 

Lasterketetan ere izango dira aldaketak. Distantzia luzekoak 42 kilometro izango ditu, eta 2.950 metroko desnibel positiboa. Aurreko lasterketakoa baino 700 metro gehiago ditu. Metro horiek Andutzen egingo dira: lehen bitan igotzen zen; orain lautan igoko da. Distantzia laburreko lasterketak, berriz, 22 kilometro izango ditu, eta 850 metroko desnibel positiboa. Antolatzaileen arabera, Munduko Koparako puntuagarriak izango dira bi probak, eta, gainera, Zumaian jakingo da zein korrikalarik irabaziko duten txapelketa hori. 

Emakumeen prestakuntzarako entrenamendu saioak ere egingo dituzte aurten, probetan emakumeen parte hartzea bultzatze aldera. Ezin izango dituzte entrenamenduak aurrez aurre egin, baina bost entrenamendu birtual egitea aurreikusi dute. Bost entrenamendu horietatik hiru egiten dituztenak dortsala eskuratzeko zozketan sartuko dira. Izan ere, antolakuntzak jakinarazi du 30 dortsal jarriko dituztela doan.

Amaia Aranzabal eta Josu Bereziartua, omenduak

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere kirolariak omentzeko baliatuko dute eguna. Lasterketak jokatu ondoren, 13:00etan egingo diete omenaldia Amaia Aranzabal 8.000 metroko mendi bat igo zuen lehen emakume euskaldunari –Cho Oyu mendia, 1992ko irailean– eta Josu Bereziartua zortzimilako sei mendi egin dituen mendizale azpeitiarrari. FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak bi zortzi milako jarraian igotzeagatik saritu zuen Bereziartua: Amaia Aranzabalekin Cho Oyun izan eta gero bi astera bakarrik igo zuen Everest. 

Flysch Trail kulturala 

Kirol probaren bueltan antolatutako kultur programazioa ere aurkeztu du antolakuntzak. Itsasoan, espazioan eta mendian pilatutako zaborrak izango dituzte hizketagai aurtengoan, eta horiek sortzen dituzten ondorioetan zein biltzeko aukeretan jarriko dute arreta. Hitzaldi bana izango da irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean.