Ezinbesteko bultzada publikoa

Aitziber Arzallus/Gipuzkoako Hitza 2021ko eka. 25a, 18:00
Imanol Ieregi, arraun surfa egiten, 2019ko abuztuan.

Gipuzkoako kostaldean 120 proiektutik gora abiarazi dituzte Txikitasunetik Handi egitasmoari esker. Surfing Zumaia, Elkano ihes gela eta Mara Orio dira horietako hiru.

Eusko Jaurlaritzak 2017an jarri zuen martxan Txikitasunetik Handi egitasmoa, eta, horren barruan, baita itsasertzaren garapenerako Itsasgarapen eta Itsaspen programak ere. Programa horien helburua da arrantzarekiko mendekotasun handia duten eremuetako ekonomia garatzea eta dibertsifikatzea, eta dagoeneko 120 proiektu baino gehiago lagundu ditu Gipuzkoako kostaldean. Surfing Zumaia surf eskola (Zumaia), Elkano ihes gela (Getaria), eta Mara Orio arropa denda (Orio) dira horietako hiru.

Surfing Zumaia: afizioa ofizio

Imanol Ieregi surflari zumaiarra da Eusko Jaurlaritzaren laguntza programa baliatu duten ekintzaileetako bat: jasotako laguntzari esker, duela hiru urte Surfing Zumaia surf eskola zabaldu zuen bere jaioterrian, Zumaian.

Ieregik umetan heldu zion surfari, eta bizitza guztia darama horretan, lehian. “Surfa da nire bizitza, eta iruditu zitzaidan polita izan zitekeela nik dakidan hori umeei eta gaztetxoei irakastea”. Aspalditik zerabilen asmoa buruan, baina duela hiru urte pausoa ematea erabaki zuen. “Nazioarteko zirkuituan lehiatzeari utzi nionean, herriko surf eskola batean ikastaro batzuk emateko aukera izan nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Orduan erabaki nuen neure eskola sortzea”.

Kasualitatez izan zuen Jaurlaritzaren laguntza programaren berri. “Amaren lagun batek esan zidan Urola Kostako Mankomunitatean galdetzeko, gazte ekintzaileentzat laguntzak-eta egon ohi zirelako”. Han esan zioten bazirela laguntza batzuk urarekin eta itsasoarekin lotura zuten jarduerak martxan jartzeko, eta haren asmoa surf eskola bat zabaltzea izanik, eskatzea erabaki zuen. “Egia esan, esperantza handirik ez neukan, baina sekulako poza hartu nuen bueltan baiezkoa jaso nuenean”.

Ieregiren esanetan, jasotako laguntza “primeran” etorri zitzaion hasiera hartan. “Hiru urte dira eskola martxan jarri nuela, eta ondo doa negozioa, baina laguntza jasotzeak lasaitasun handia eman zidan, negozio bat martxan jartzeko diru asko behar izaten baita”. Horiek horrela, gauza bera egitera animatu ditu bere moduko gazteak. “Zerbait martxan jarri nahi badute, galde dezatela aurrena”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.