Martxoaren 8a plaza izendatuko dute Ardantzabideko plaza

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 25a, 17:00

Udalbatzak atzo eman zion hasierako onespena plazaren izendapen berriari. Hain zuzen, eremu horretan kokatuko dute Emakumeen* Etxea.

Ardantzabideko plaza Martxoaren 8a plaza izango da aurki. Zumaiako Udalbatzak atzo, ekainaren 24an, eman zion hasierako onespena izendapen berri horri; hautetsi guztiek aho batez onartu zuten udal gobernuak aurkeztutako proposamena.

Laster eremu horretan egongo da Zumaiako Emakumeen* Etxea ere, eta udal gobernuaren arabera, "Martxoaren 8ak duen esanahi guztiari lekua eman nahi zaio plazari izen hori jarrita". Zehaztu dutenez, izendapen berriak "ez du eragin administratiborik izango plaza horretan dauden portaletan", orain arteko helbidea izaten jarraituko baitute.

Fielatoa ere kale izendegiaren parte

Martxoaren 8a plazari zegokion erabakia, ordea, ez zen izan atzokoan Zumaiako Udalbatzak kale izendegiari dagokionez hartutako erabaki bakarra. Ohiko osoko bilkuran parte hartu zuten bederatzi zinegotziek (EH Bilduko bost, EAJko hiru eta PSE-EEko bat) aho batez onartu zuten kale izendegian barne hartzea Fielato plaza, eta horretarako prozedura martxan jartzea. Fielato modura ezaguna da udaltzainen eraikinaren aurreko gunea, eta udalak iaz jarri zuen plaka bat han, hain zuzen, Fielatoa dioena.

Udal gobernuak gogora ekarri du "zergak ordaintzeko duela 100 urte baino gehiago eraiki" zela eremu hori, eta "salgaiak pisatu, osasun baldintzak egiaztatu eta zegozkien zergak kobratzen" zirela han. Pisatzeko balantzei esaten zieten fiel, gazteleraz, eta hortik datorkio Fielato izena plazatxoari.

Erlazionatuak