Orduan bai

Urpetik azalera

Imanol Azkue Ibarbia 2021ko eka. 27a, 09:00
Jose Agirrezabalaga Garate Joxelin talaieroa lanean. Itsasontziei sartzen eta irteten laguntzen zien banderen bidez (argazkia: Agirrezabalaga familia, Javier Carballok utzia).

Martxoan eta apirilean erakusketa berezia izan dugu ikusgai Alondegian, “Etendako itsas bidaiak”, 1900etik hona Bizkaiko Golkoan hondoratu diren itsasontzi batzuen historiarekin. Hondoratze horietako batzuk Zumaia inguruan izan ziren, eta tarte bat zegoen eskainita Lyndiane, Osthav, Velázquez eta Denebole itsasontziei. Gainera, hondoratze eta istripu kontu gehiago dauzka jasota Javier Carballok Zumaia eta olagarroa liburuan. Horien guztien osagarri, beste gertakari batzuk ekarriko ditugu hona, gertaera haiek ahanzturaren urpetik argitara atera nahian.

Zumaiako barra beti-betitik txarra izan da portura sartzeko eta portutik irteteko itsasoa zakar dagoenean, eta hobetzeko lan ugari eginagatik, txarra izaten jarraitzen du gaur egun ere. Lehen, ordea, itsasora ia nahitaez irten behar izaten zuten, gaur egun baino baliabide eta laguntza gutxiagorekin, eta errezatu egiten zuten laguntza eske; 1787an San Telmo Kofradiako buruak gutuna idatzi zion Udalari babes eskean, goizeko bostetako hirugarren meza erreklamatzeko marinelentzat: “(…) los marineros de dicha cofradía, en los tres meses de Diciembre, Enero y Febrero todos los años acostumbran asi a la altura de la Pesca del Vesugo, aun en todos los días festivos que la mar esta buena para poder pasar la Barra de esta villa: que de no observarse esta costumbre inmemorial resultarían considerables daños y perjuicios a dichos marineros, sus familias y al público de no Pescar siempre y quando se pueda, respecto a que en muchos días de lavor no pueden salir al mar a causa de estar intransitable dicha Barra; y de exponerse demasiado en ella, han resultados los lastimosos y estragos que son demasiadamente notorios de anegarse las lanchas y ahogarse los hombres”. Beraz, eguraldiaren aurreikuspen fidagarririk ezean, mezetara joan eta errezatu egiten zuten, baina batzuetan alferrik. Izan ere, itsasontzi ugari (merkataritzakoak eta arrantzakoak) ibiltzen ziren atzera-aurrera gurean eta nahikoa ohikoak ziren istripuak eta hondoratzeak. Istripu lazgarrienetako bat 1852an gertatu zen, eta hamahiru lagun ito ziren; garai hartan ez zegoen prentsarik albistea jasotzeko, gure iturri bakarra udal aktak dira, eta egun hartan propio elkartu zen udalbatza: “Se trató de tomar alguna disposición a consecuencia de la horrorosa desgracia ocurrida en el naufragio de trece personas a las nueve horas de esta misma mañana, a la distancia de un cuarto de legua de la barra de este puerto”; Barraren ingurua ezin dugu imajinatu gaur egungoa bezalakoa, orduan ez baitzegoen ez paolik, ezta babesteko kai muturrik ere, eta Aitzabaleko haitzak eta Puntakohaitza ziren babesgune bakarrak (eta batzuetan arrisku ere bihurtzen ziren); paperotan, 13 lagun horien izen-abizenak eta utzi zuten familia azaltzen da; Lino Uriarte zinegotzia izendatu zuten laguntza eskean gobernadorearengana joateko, eta egoera honela dago deskribatuta eskaeran: “la desgracia era inmensa, que no tenía comparación con ninguna otra ocurrida en una sola lancha, que en trece hombres ahogados era imposible fuese mayor la pérdida de tantas familias, que ocho viudas, veinte y dos niños y tantos padres ancianos demandaban un sacrificio grande a su madre la Provincia”. Probintziak 10.000 erreal eman zituen eta Iruñeko obispoak 1.000, besteak beste.

Atoiontzia belaontziari porturatzen laguntzen (argazkia: Aladrén familia, Javier Carballok utzia).

Handik zazpi urtera, 1859an, beste hondoratze izugarri bat izan zen. Orduan ere udaletxean elkartu ziren zinegotziak eta Kofradiako maiordomoa, eta hauxe idatzia: “Reunidos los señores precedentemente citados con la más viva emoción e impresión como todos los circunstantes con el lamentable suceso que motiva esta reunión, hizo presente el Señor Alcalde Presidente que a las nueve y media a diez de esta mañana saliendo a pesca la lancha trañera Bella María de este puerto, al querer atravesar la barra se anegó y han perecido ocho de los quince marinos que la tripulaban”; zortzi gizon horiek 18-22 urte artekoak ziren, eta Udalak zenbait neurri hartzea proposatu zuen: laguntzeko deialdia egitea, suskripzio bat zabaltzea, Donostiara eta Tolosara joatea Probintziari laguntza eskean… Begira zenbateko nahigabea zegoen gure herrian: “[neurriak] las aprovo en todas sus partes en medio del cuadro desgarrador que presenta en la actualidad esta villa, y los tristes ayes que se oyen dó quiera que se fije la vista”.

Beste hondoratze baten berri bertso batzuen bidez jakin genuen, Antonio Zabalari esker. Manterola izeneko batek sinatuak dira, eta 1878ko denborale batera garamatzate. Txalupa bat (seguru asko Mutrikukoa) urtarrilaren 8an bisigutara irten zen, eta hartan ari zirenean, mendebaldetik ekaitza sartu zen; dena utzita, portu aldera hartu zuten, babes bila; bidean, denboralearen erdian, hondoratzen ari zen Zumaiako txalupa bat topatu zuten, hogei arrantzalerekin, eta haiei laguntzen ahalegindu ziren; zazpi lagun salbatu zituzten, baina orduan ere hamahiru lagun ito egin ziren. Bertsoetan ez da aitatzen urterik, baina Zabala Zumaiara etorri eta elizako heriotza liburuan begiratuta, jakin zuen 1878an gertatu zela eta arrastoa atera zuen zein ziren hamahiru hildakoak, izen-abizenekin. Ehun urte geroago, 1979an, urtarrilaren 8an, meza berezia egin zuten Zumaiako parrokian eta elizkizunean bertso haiek abestu zituzten.

Denboralea txalupak hondatzen (argazkia: Wikipediatik hartua).

Hondoratze eta itotako gehiago ere izan ziren, baina oraingoan 1884ra joango gara, berezia izan zelako. Izan ere, ez zen hondoratu trainerua edo arrantzarako ontzia, baizik eta atoiontzia, hau da, itsasontzi handiagoei portura sartzen edo portutik irteten laguntzen ziena: “(…) a la una de la tarde del día de ayer acontecidas a causa del naufragio de la lancha de atoaje y haber perecido de los once hombres tres de ellos: Jacinto Chapartegui, su hijo Juan José y Fermín Aizpúrua todos ellos de esta vecindad”. Handik hilabete batzuetara, ezbehar haren ondoriozko lanak zirela eta, hilerriaren arduradunak lan “estragatik” zerbait ordaintzeko eskatu zuen, eta Udalak zioen “se acordó gratificarle con setenta reales a razón de diez reales por los siete últimos desgraciados marineros que sucumbieron en 9 de Marzo último y los cuatro tripulantes que fueron víctimas por la explosión del vapor ‘Guriezo’ el 18 del mes último [uztailean]”. Atoiontzikoak ez ziren izan, ordea, ezbeharra izan zuten portuko langile bakarrak, eta beste bi jasotzen ditu Carmelo Urdangarinek Oficios tradicionales liburuan, Javier Carballoren lanean oinarrituta, praktikoei dagokien atalean: 1931n, itsaso zakarreko egun batean, itsasontzi bat errioan sartzerakoan, olatu batek ontzia istriborrera mugiarazi zuen eta malekoiaren kontra harrapatu zuen aldamenean zihoan praktikoaren ontzia; han lau lagun zihoazen, eta horietatik bi hil egin ziren, bat itota hantxe bertan eta beste bat handik hiru hilabetera, larri zaurituta egon ondoren. Beste behin, 1956an, berriz, praktikoaren ontziak itsasora irten behar zuen zamaontzi baten bila, portura sartzen laguntzeko, eta itsaso txarraren ondorioz, olatu batek ontzia jo eta uretara bota zituen barruan zihoazen lau lagunak; ibaian arrantzan zebilen beste motora batekoek ikusi zuten gertatutakoa, eta lau lagunetatik hiru bizirik ateratzea lortu zuten.

Arrantzaleen hondoratze gehiago ere izan ziren, eta pare bat gogoratuko ditugu. Lehena, 1942ko ekainean, San Telmo itsasontzia, goizeko ordu biak aldera, arrantzatu ondoren porturatzen ari zenean, Barraren parean olatu batek irauli eta uretara bota zituen barruan zihoazen lau lagunak; bat ito egin zen, eta beste hirurak (tartean Frantzisko Urrestilla Pako Rata) bizirik irten ziren, igerian. Bigarren gertakaria 1948ko martxoan izan zen, eta Miguel Urkidi eta Blas Meabe ito egin ziren.

Bitxikeria batekin amaituko dugu: 1908an, Timoteo Esteibarrek laguntza eskatu zion Udalari, Martín baporea hondoratu zenean arropak eta beste gauza ugari galdu zituelako; Udalak hau erabaki zuen: “si bien no hay precedente de haber otorgado socorro en casos semejantes, teniendo presente de que al referido Esteibar, le sucede idéntico caso por tercera vez, ha acordado socorrerle con treinta pesetas con destino solicitado”.

Bistan da dena ez zela geratu urpean, eta gertakari batzuk atera ditugu ur azalera.

1 Zumaiako Udal Artxiboa, 69 (170V), 1787-11-08an.

2 ZUA, 71.12, 1852-02-17an.

3 ZUA, 71.12, 1852-02-27an.

4 Traina sare mota bat da, eta hortik dator trainerua, hau da, sare hori erabiltzen zuen ontzia.

5 ZUA, 72.01, 1859-02-19an.

6 Ibidem.

7 ZABALA, Antonio: Arrantzaleen bizitza. Hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10625.pdf

8 ZUA, 2823 (57), 1884-03-10ean.

9 ZUA, 2823 (69), 1884-08-07an.

10 Hemen: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/aintzinako-lanbideak/varios-accidentes-mortales-boca-puerto-zumaia

11 ZUA, 2833 (98), 1908-06-19an.