Uztailaren 1etik aurrera eskatu ahal izango dira euskara ikasteko dirulaguntzak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 24a, 15:30

Udalak eta HABEk emango dizkiete dirulaguntzak euskara ikasten ari diren pertsonei. Mailaren arabera, ordea, desberdina izango da laguntzak jasotzeko modua.

Aurten ere dirulaguntzak eskatzeko aukera izango dute euskara ikasten ari diren zumaiarrek, Zumaiako Udalak nahiz Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) emango baitituzte zenbait laguntza.

2020-2021 ikasturtean HABEk barne hartzen dituen mailetako batean ikasi dutenek, HABEk aurten kaleratutako laguntzen deialdian hartu beharko dute parte. A1, A2, B1 edo B2 mailetan ikasi eta hori egiaztatu dutenek (azterketa edo euskaltegian atalasearen gaineko proba gaindituta), osorik jaso ahal izango dute HABEk eskainitako dirulaguntza. Beraz, ezingo dute Zumaiako Udalaren laguntzarik eskatu.

Ikasturte honetan C1 eta C2 mailetan aritu direnek, aldiz, zenbateko txikiagoa jasoko dute HABEren laguntzetatik. Izan ere, 100 edo 150 euro emango dizkiete gehienez. Maila horietako ikasleek, hortaz, udalaren laguntzak jasotzeko aukera izango dute, HABEk emandakoaren osagarriak izango baitira udaletik jasotako laguntzak.

Udalaren laguntzak, uztailaren 1etik aurrera

Udalak uztailaren 1ean irekiko du eskaerak aurkezteko epea, eta zehaztu duenez, ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak eta barnetegietako ikastaroak egiten ari direnek jasoko dituzte laguntzak, baina baita autoikaskuntzan oinarritutako saioen bidez euskara ikasten ari direnek ere. Dirulaguntzak eskatzeko, nahitaezkoa da Zumaian erroldatuta egotea.

Ezinbestekoa da, bestalde, "gutxienez, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea" ikastaroetan. Bi baldintza horiek betez gero, gehienez, ikastaro trinkoen kostuaren %75 hartuko du bere gain udalak; barnetegietako ikastaroak direnean, ordea, gehienez kostuaren %50 ordainduko die ikasleei udalak. Langabezian dauden pertsonen kasuan, handiagoak izan daitezke laguntzak. Ikastaro trinkoen edo barnetegietako ikastaroen kostuaren %75 har dezake bere gain udalak; gainontzeko ikastaro guztiei dagokienez, horien kostuaren %100 jasotzeko aukera izango dute eskatzaileek.

Laguntzak eskatzeko bi deialdi egingo ditu udalak. Uztailaren 1etik 15era bitartean aurkeztu beharko dituzte eskaerak ikasturtean zehar euskara ikasi dutenek; udako ikastaroetan parte hartuko dutenek, aldiz, urriaren 1etik 15era bitartean egin beharko dituzte eskaerak. Interesdunek Herritarren Arreta Zerbitzuan edo lotura honetan eskura ditzakete eskaera-orriak, eta betetzean, Zumaiako Udaleko erregistroan edo Euskara Zerbitzuan (Foruen plaza, 1) aurkeztu beharko dituzte. Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ere bidal daiteke eskabidea.

Zenbait agiri ere aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera, hain zuzen: nortasun agiriaren fotokopia, ikastaroa ordaindu izanaren ziurtagiria, asistentzia gutxienez %80koa izan dela baieztatzen duen agiria (euskaltegiak edo ikasketa zentroak emandakoa) eta hirugarren alta emateko agiria (aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada, behintzat).