Azken orduetan positibo bakarra atzeman dute Zumaian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 24a, 13:11

Zertxobait jaitsi da intzidentzia tasa herrian, 223,87tik 213,70era. Gipuzkoan 52 kasu baieztatu dituzte, bezperan baino gutxiago.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu COVID-19ari lotutako azken orduetako datuak, eta jakinarazi du atzo egindako PCR eta antigeno probetan emaitza positibo bakarra izan dela Zumaian. Aurreko bi egunetan hiruna kasu atzeman ostean, 200dik gora kokatu da Zumaiako intzidentzia tasa; hala ere, azken orduetako datuekin, zertxobait behera egin du zenbatekoak, 223,87tik 213,70era.

 Urola Kostan bederatzi positibo berri detektatu zituzten atzo, herenegun baino hiru kasu gehiago. Eskualdeko herrien artean Azpeitian hauteman dituzte koronabirus kasu gehien, bost; hala, 197,11ko intzidentzia tasa du Urola bailarako herriak, baina eremu horian jarraitzen du. Bestalde, Zarautzen hiru kasu berri atzeman ditu Osakidetzak azken orduetan egindako probetan, baina egoera ona da bertan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu berdean dagoen herri bakarra baita; gaur-gaurkoz 29,98koa da intzidentzia tasa herri horretan.

Gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman osasun langileek. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman,  Errezilen eta Zestoan hutsekoa da hamalau eguneko intzidentzia tasa, Getarian 35,34koa, Orion 81,54koa eta Azkoitian 116,83koa. Hala, aipatutako azken bi herriak eremu horian kokatuta daude.

Gipuzkoan 52 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute atzo, guztira, 8.209 test diagnostiko egin zituztela, eta, horietatik 216 izan zirela positibok. Honako hauek dira datuak lurraldeka banatuta: 18 positibo atzeman zituzten Araban, 41 Nafarroan, 52 Gipuzkoan eta 102 Bizkaian. Horrez gain, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren hiru herritarrek eman dute positibo egindako probetan.

Bestalde, erietxeetako egoerak hobera egin du nabarmen azken egunetan, eta Osakidetzak zehaztu du atzo 19 pertsona ospitaleratu zituztela COVID-19aren eraginez. Hala, gaur-gaurkoz 35 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ZIUetan.