Ekarpenak egin daitezke zirkulazioa eta karabanen gunea arautzeko ordenantzei buruz

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 23a, 18:00

Posta elektroniko bidez helarazi beharko dira ekarpenak, uztailaren 14a baino lehen.

Bi ordenantza berriren zirriborroak ditu esku artean udalak. Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio ordenantza da bata, eta hiru helburu nagusi ditu udalaren arabera: "Zumaiako hiri-bideetako zirkulazioarekin eta horien erabilerarekin zerikusia duten zenbait alderdi arautzea", "erabiltzaileen segurtasuna areagotzea", "ibilgailuen trafikoaren beharrezko arintasuna hobetzea" eta "aparkalekuen errotazio eta erabilera ona bermatzea". Zumaiako Udalak Urola enparantza plazan duen autokarabanentzako zerbitzugunearen erabilera arautzen duen ordenantza da bestea, eta eremu horretan indarrean jartzeko araudia jasotzen du.

Zumaiako bizilagunek bi ordenantzei buruzko ekarpenak egin ditzakete jada, posta elektroniko bidez. Hain zuzen, hirigintza@zumaia.eus helbidera bidal daitezke ekarpenak, eta uztailaren 14a izango da horretarako azkeneko eguna.

Begiratu hemen Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio ordenantza eta hemen Zumaiako Udalak Urola enparantza plazan duen autokarabanentzako zerbitzugunearen erabilera arautzen duen ordenantza

Aldaketak

Esan bezala, udalaren asmoa da Urola plazan kokatzea karabanentzako gunea. Aparkatzeko tokia egongo da han, zenbait argi koadrorekin, eta belarra izango da inguruan. Irteeran zerbitzugune bat egongo da, eta ur puntu bat, "ur grisak isurtzeko" eremu bat eta ur zikinak husteko leku bat izango ditu. Gehienez 48 orduz egon ahal izango da han erabiltzaile bakoitza, eta kuota bat ordaindu beharko du.

Zirkulazioaren inguruko ordenantza berriari dagokionez, hona hemen ekarriko lituzkeen zenbait aldaketa:

  • Udalaren titulartasuneko bideetan 30 km/h-ko abiadura-muga ezarriko da.
  • Autokarabanaka gunetik kanpo, hirigune osoan, akanpatze librea debekatuta egongo da.
  • Bizikletek ezingo dute espaloietan zirkulatu, ezta oinezkoentzako lehenetsitako eremuetan ere. Horientzat berariaz markatutako ibilbideetatik soilik zirkulatu ahal izango dute.
  • Bizikletek eta bestelako Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuentzat abiadura-muga ezartzen da: 15 km/h-koa bidegorrietan, eta 10 km/h-koa oinezkoekin partekatutako guneetan.
  • Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuek (patinete elektrikoek eta antzerakoek), bizikleten trataera berdina izango dute.