Zumaian beste hiru positibo atzeman dituzte azken orduetan

Julene Frantzesena 2021ko eka. 23a, 13:13

Azken orduetako datuekin, intzidentzia tasa 223,87ra igo da Zumaian. Nabarmen egin dute apaltzera datuek azken egunetan, baina herenegun baino kasu gehiago detektatu ditu Osakidetzak azken orduetan Gipuzkoan. Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da.

Herenegun bezala, atzo beste hiru kasu positibo atzeman zituzten Zumaian. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du, eta 183,34tik 223,87ra igo da azken orduetako emaitzekin. Semaforo horian da Zumaia, beraz.

Urola Kostan, guztira, sei kasu positibo baieztatu zituzten atzo. Zumaian eta Azpeitian detektatu zituzten kasu guztiak, hiruna emaitza positibo izan baitziren bi udalerrietan. Datuek apaltzera egin dute nabarmen azken egunetan; dena den, eskualdeko herri batzuetako intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du, eta semaforo horian dira horiek ere: Azpeitian 183,97, Azkoitian 125,18, Getarian 106,01 eta Orion 81,54. Gainerakoan, tasak oso baxuak dira: 0 da tasa Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, eta 25,7 da Zarautzen.

Herenegungo datuekin alderatuta, gora egin du positiboen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: herenegun 146 detektatu zituzten, eta atzo 187: Gipuzkoan 70, Bizkaian 77 eta Araban 36. Osakidetzak atzo 6.716 proga gauzatu zituen, eta beraz, %2,8 da hiru lurralde horietako positibotasun tasa. Gaur-gaurkoz, 108,74 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 1.646 proba egin eta 59 lagunek eman dute positibo horietan; hau da, proba gauzatutako herritarren %3,6k.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egin du; izan ere, 68 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan koronabirusa tarteko, eta horietatik 40 daude ZIUetan, aurreko egunean baino bost gutxiago. Orotara, atzo, hemezortzi lagun ospitaleratu zituzten.