Herriko saltokiek errotuluak euskaraz jartzeko laguntzak eska ditzakete jada

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 22a, 14:30

Kanpoaldeko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako kartelak eta bestelako euskarriak euskaraz jartzeko jasoko dituzte laguntzak merkataritza establezimenduek. Azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak.

Aurten ere herriko saltokiei hainbat dirulaguntza bideratuko dizkie udalak, establezimenduetan euskarriak euskaraz jar ditzaten. Hain zuzen, kanpoaldeko errotuluak, toldoak nahiz erakusleihoetako kartelak eta itsasgarriak euskaraz izateko jasoko dituzte laguntzak merkataritza establezimenduek. Udalak zehaztu duenez, dirulaguntza deialdi berri honen bidez, saltokiek euskarriak euskaraz jartzeko gastatutako zenbatekoaren erdia ordainduko zaie, beti ere, udalak bere gain hartuko duen kostua 300 eurokoa baino gehiagokoa ez bada.

Dena den, zenbait baldintza bete beharko dituzte laguntzak eskatuko dituzten establezimenduek. Euskarriek euskara hutsean eta "zuzen" egon beharko dute idatzita, eta saltokien izen berezia soilik agertzen bada, ez zaie laguntzarik emango; beharrezkoa da, izena adierazteaz harago, "establezimenduaren jardueraren" berri ematea sortutako euskarriek. Bestalde, kanpoaldean toldoak eta bestelakoak jartzeko udalaren baimena izan behar dute laguntza eskatzen dutenek, eta "zerga betebeharrak eguneratuta" izan beharko dituzte, udalak azaldu duenez. Helbide fiskala Zumaian izatea ere derrigorrezkoa da.

Epea zabalik azaro amaierara arte

Azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira laguntza jasotzeko eskakizunak. Eskatzaileek zenbait agiri aurkeztu beharko dituzte; hain zuzen, eskaera-orria beteta, euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren aurtengo faktura eta ordaindu izanaren agiria, jarritako euskarriaren argazkia, eta hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota (aurrez aurkeztu ez bada). Zumaiako Udaleko erregistroan edo Euskara Zerbitzuan aurkez daitezke eskaerak, baita online ere, udalaren web orriko Herritarren Atarian.

Interesdunek hemen lor dezakete eskaera-orria, eta hemen kontsulta ditzakete udalaren deialdi berriaren oinarriak.

TicketBai, euskaraz erabilgarri

Bestalde, udalak gogorarazi duenez, 2022tik aurrera TicketBai sistema erabili beharko dute egoitza fiskala Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan duten negozio guztiek, eta badago aukera sistema hori euskaraz ere izateko. Modu horretan, tiketak eta fakturak euskaraz eskaini ahal izango dituzte saltokietan. UEMAk eta udalak, beraz, dei egin diete Zumaiako establezimenduei, "TicketBai sistema ezartzeko garaian, euskaraz erabil daitekeen aplikazio informatikoa aukeratzeko". "Kontuan hartu zure bezero gehienak euskaldunak direla", gaineratu dute.