Hirugarrenez, astebetean hamabi kasu baieztatu dituzte Zumaian

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 18a, 13:24

Azken zazpi egunetan hamabi kasu zenbatu dituzte herrian, aurreko bi asteetan bezainbeste. Atzotik zertxobait igo da intzidentzia tasa, eta 244,23an dago une honetan, aurreko ostiralean bezala.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, hiru kasu positibo detektatu dituzte Zumaian azken orduetan. Intzidentzia tasak, beraz, zertxobait egin du gora: 234,05tik 244,23ra igo da, eta eremu horian jarraitzen du herriak.

Azken zazpi egunetan –ekainaren 11tik ekainaren 17era– hamabi kasu positibo baieztatu dituzte Zumaian: hiru atzo, bina herenegun eta asteartean, bana astelehenean eta igandean, eta hiru aurreko ostiralean. Aurreko bi asteetan ere –ekainaren 4tik 10era nahiz maiatzaren 28tik ekainaren 3ra– hamabina positibo izan ziren herrian.

Intzidentzia tasari dagokionez, duela astebeteko berdina da une honetan; izan ere, aurreko ostiralean ere 244,23an zegoen tasa. Duela bi aste, ekainaren 4an, 162,82koa zen.

Zazpi kasu eskualdean

Urola Kostan, guztira, zazpi positibo izan dira azken orduetan. Zumaiako hiru kasuez gain, Azpeitian bi positibo izan dira, baina tasa jaitsi egin da 229,96 izateraino, eta eremu horian jarraitzen dute. Beste bi positiboak Orion —130,46 tasarekin eremu horian— eta Azkoitian izan dira. Azken horren kasuan, eremu laranjatik horira pasatu da herria, eta 250,35eko tasa du momentu honetan.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian, Zarautzen —42,83 tasarekin eremu berdean— eta Zestoan ez dute kasu positiborik atzeman.

207 positibo Hegoaldean

Hego Euskal Herrian 7.668 froga egin zituzten atzo, eta horietatik 207 positiboak izan dira. Araban 20 atzeman dituzte, Bizkaian 107 eta Gipuzkoan 35. Beste lurraldeetan bizi diren hiru pertsonak ere positibo eman dute. Osakidetzaren mendeko erietxeen egoerari dagokionez, atzo 19 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Gaur gaurkoz 71 lagun daude erietxeetan COVID-19aren ondorioz, horietatik 51 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.