Bi kasu positibo hauteman dituzte Zumaian

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 17a, 12:59

Intzidentzia tasak zertxobait gora egin du, eta 234,05ean dago une honetan. Hego Euskal Herrian, guztira, 236 izan dira azken orduetan detektatutako kasuak.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzte atzo, asteazkena, herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zumaian bi kasu positibo zenbatu dituzte, eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin du: 234,05ekoa da azkeneko datuak kontuan hartuta, baina 223,87an zegoen atzo.

Urola Kostan, orotara, bost kasu positibo hauteman zituzten. Zumaiaz gain, Azpeitia da emaitza positiboak baieztatu dituzten beste herria; hiru kasu izan dira. Azpeitian ere, beraz, gora egin du intzidentzia tasak, 243,10etik 256,24ra.

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman. Azkoitia eremu gorritik atera zen atzo, eta beherantz jarraitzen du tasak: 317,12ko tasa dute gaur-gaurkoz, eta eremu laranjan dago herri hori. Orion, bestalde, 130,46 da kasu metatuen tasa, eta eremu laranjatik horira igaro da. Zarautzen dute 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena, 51,50ko tasarekin, eremu berdean dago. Aizarnazabalen –260,08– eta Getarian –141,34– eta Zestoan –26,68– atzoko tasa bera mantentzen dute. Egoerarik honena Aian eta Beizaman dute, hutsean mantentzen baitute intzidentzia tasa. 

Ospitaleetako egoerak, hobera

Hego Euskal Herrian 9.141 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 236 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zuten kasurik gehien (115), eta ondoren, Nafarroan (469, Gipuzkoan (38) eta Araban (28). Positibotasun tasa % 2,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; % 3,2koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du. Herenegun 138 gaixo zeuden Osakidetzaren mendeko erietxeetan izurritearen eraginez, eta 122 ziren atzo. Horietatik 53 daude ZIUetan.