Neil Youngen omenezko jaialdian parte hartuko dute Marlik eta Age taldeek

Baleike 2021ko eka. 13a, 10:30
Marlik taldea.

Neil Youngen omenez antolatzen den Rust Fest jaialdia Euskal Herrian izango da aurten lehen aldiz. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da jaialdia, uztailaren 2an eta 3an. Zumaiako Marlik eta Age taldeek parte hartuko dute bertan.

Neil Youngen omenez antolatzen den Rust Fest jaialdia Euskal Herrian izango da aurten lehen aldiz. Egitasmoaren XII. edizioa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egingo dute uztailaren 2an eta 3an, Kulturaz kooperatibak eta Neil Youngen zaleek elkarlanean antolatuta. Bi egunetan, zortzi talde igoko dira Sanagustingo oholtzara; besteak beste, Zumaiako Age eta Marlik taldeak. Zehazki uztailaren 2an ariko dira Ageko eta Marlikeko kideak, 18:00etan hasita.

Sarrerak doakoak izango dira, eta dagoeneko eskura daitezke kulturaz.eus atarian. Lotura honetan eskura daitezke lehen eguneko sarrerak, eta beste honetan bigarren egunekoak.

Rust Fest Neil Young musikari kanadarraren omenez egiten den formatu txikiko musika jaialdia da. Egitasmo berezia da, irabazi asmorik gabekoa baita. Bere sorreratik, jaialdiak izaera herrikoia du. Horregatik, ez dute sarrerarik kobratzen kontzertuetan nahiz gainerako ekitaldietan. Halaber, musikariek ez dute, printzipioz behintzat, dirurik eskuratzen; hau da, musu truk eta jaialdiari nahiz Neil Youngen zaleei beren ekarpena egiteko asmoz jotzen dute. Dena den, antolatzaileek urtero ahaleginak egiten dituzte hainbat bidetatik dirua lortzeko: dagokion erakundearen dirulaguntzetatik, kamiseten salmentatik, borondatezko ekarpenezko Fila 0 delako sarreren eskaintzatik… Jasotzen den diru hori oso-osorik musikarien artean banatzeko izaten da, ahal den neurrian, egiten dituzten gastuak murrizte aldera.

Kontzertuez gain, eta urtero egiten den moduan, Manolo Ruiz Baraibar jaialdiaren sortzaileak solasaldi bat eskainiko du aurten omendutako Nei Youngen diskoa gaitzat hartuta larunbat arratsaldean.

Omendutako diskoa

Edizio bakoitzean Neil Youngen disko bat omentzen da, eta aurtengoa Trans izango da. Trans Neil Youngen estudioko hamalaugarren albuma da, 1982ko abenduan argitaratua. Lan horrek norabide aldaketa ekarri zuen musikariaren ibilbidean, vocoderra eta sintetizadoreak erabili baitzituen. Horretan, eragina izan zuen Kraftwerk talde alemanaren esperimentu elektronikoak.

1980ko amaieratik 1982ko erdialdera, Youngek denbora asko eman zuen Ben semearekin terapia programetara joaten, garun-paralisiarekin jaio baitzen eta ezin baitzuen hitz egin. Transen abesti berriak Benekin egiten zituen ariketak ziren. Vocoderraren bidez ahotsa distortsionatzeak semearekin komunikatzeko interesa adierazten zuen. Young berak zera zioen: “Une hartan, hitz egiteko, beste jende batekin komunikatzeko, modu berri bat bilatzen ari nintzen. Hori da Trans. Eta horregatik, disko horretan badakizu zerbait esaten ari naizela, baina ezin duzu ulertu. Beno, horixe da nik semearekin nuen sentimendua”. Albumak arrakasta komertzial txikiagoa izan zuen arren, zenbait kazetarik bere balioa adierazi zuten, musika-mugimendu berriak arakatzen zituelako.