Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalera sailkatu da Zumaia

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 12a, 14:15

Gaur izan da zesta-puntako azken jardunaldia Aitzurin, eta Zumaiak hiru norgehiagokak galdu baditu ere, finala jokatuko du ekainaren 20an. Mutriku izango du aurkari, gaur bezala.

Zesta-puntako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalean izango da Zumaia. Atzo eta gaur jokatu dituzte zesta-puntako txapelketako azken bi jardunaldiak; Zumaiak Hondarribiarekin neurtu zituen indarrak atzokoan, Hondarribian, eta Mutrikuren aurka aritu da gaurkoan, Aitzuri pilotalekuan. Jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi zuten atzo zumaiarrek, jubenilen mailan; gaur, ordea, ez dute garaipenik lortu ez kadeteek, ez jubenilek, ez eta nagusiek ere. Hala ere, lau taldek osatutako ligaxkan bigarren postua eskuratuta, filanera sailkatu da Zumaia.

Ekainaren 20an izango da finala, baina oraindik ez dute jakinarazi zein frontoitan jardungo duten. Gaur bezala, zesta-puntako txapeldun izendatuak izateko azken lehian ere Zumaia eta Mutriku ariko dira nor baino nor.

Garaipenik ez gaurkoan

Gaur 11:00etan hasi dira Zumaiaren eta Mutrikuren arteko norgehiagokak Aitzurin. Kadeteak izan dira lehenak frontoira irteten, baina aise nagusitu dira mutrikuarrak; 8-30 egin dute. Ekaitz Galarragak eta Oier Mardarasek defendatu dute Zumaiako taldea, eta Unax Zubizarretak eta Manex Ansolak Mutrikukoa.

Jubenilek eta nagusiek jokatu dute gero, hurrenez hurren, eta hainbat unetan markagailuko tartea laburtzea lortu badute ere, Mutriku gailendu da azkenerako. 24-30 galdu dute Zumaiako jubenilek, eta 17-30 nagusiek. Jubenilen lehian Haritz Egaña eta Ander Ureta zumaiarrek jokatu dute gaur, Eñaut Urreisti eta Alain Basterretxea mutrikuarren aurka. Nagusien kategorian, aldiz, Julen Mugerza eta Unai Uranga zumaiarrek Yon Iparragirre eta Mikel Mancisidor mutrikuarrak izan dituzte aurkari.