Zumaiak partida bat irabazi eta bi galdu ditu Herriarteko Txapelketako azkenaurreko jardunaldian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 12a, 09:00
(Gipuzkoako Pilota Federazioa)

Atzo jokatu zuten zesta-punta txapelketako bosgarren jardunaldia; jubenilek garaipena lortu arren, galdu egin zuten kadeteek eta nagusiek. Gaur izango da azkeneko jardunaldia, eta finala, aldiz, hilaren 20an.

Azken txanpan sartu da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Zesta-puntako lehian atzo, ekainaren 10ean, izan zuten azkenaurreko jardunaldia Zumaiak eta Hondarribiak. Izatez aurreko hastean jokatzekoak ziren partidak, baina atzeratu egin behar izan zuten jardunaldia, eta azkenean atzo neurtu zituzten indarrak zumaiarrek eta hondarribiarrek, bigarrenez. Hondarribian aritu ziren, arratsaldean.

Jubenilen mailan Zumaia nagusitu zen, 10-30. Kadeteen eta nagusien mailetan, ordea, Hondarribia izan zen garaile; 30-9 galdu zuten Zumaiako kadeteek, eta 30-15 nagusiek.

Gaur jokatuko dute zesta-puntako azkeneko jardunaldia, eta Zumaiak Mutriku izango du aurkari. Bestalde, Donostia eta Hondarribia ariko dira nor baino nor. Partida horien ostean geratuko da erabakita zein bi talde sailkatuko diren finalera; ekainaren 20an izango da. Atzora arte, jokatutako partida guztiak irabazi ditu Zumaiak maila guztietan, bat izan ezik.