Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko du Telmo Deunek igandean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 11a, 11:44
(Telmo Deun)

Orain arte, traineru denboraldian bete-betean murgilduta zirenean jokatzen zuten elkarteek Gipuzkoako Txapelketa, uztailean, baina aurten aurreratzea erabaki dute. Uda denboraldiko lehen estropada ofiziala izango da igandekoa.

Gipuzkoako Traineru Txapelketak abiatuko du igandean udako traineru denboraldia, eta bertan izango dira Telmo Deun Arraun Elkarteko taldeak. Normalean, uztailean jokatu izan da lurraldeko txapelketa, baina aurtengoan data aldatu egin dute. Izan ere, Traineruen Kluben Elkarteko taldeek eskatu zuten txapelketa guztiak —lurraldeetakoak, Euskadikoa eta Espainiakoa— ligak hasi aurretik jokatzea, baina Gipuzkoako Federazioko batzarrak bakarrik onartu zuen proposamena. 

Hala, igandean 11:00etan hasiko da txapelketa eta hiru mailatan banatuko dute, hurrenkera honetan: beteranoak lehendabizi, senior gizonezkoak ondoren, eta emakumezkoak bukatzeko. Guztira, 25 taldek parte hartuko dute, zazpi txandatan banatuta. Gainera, aurten berrikuntza bezala, emakumezkoen txapelketa izango da jokatzen azkena. Berdintasunaren bidean urratsa egiteko asmoz aldatu du hurrenkera federazioak, "pixkanaka" gauzak aldatzen joateko.

Zumaiako beteranoek 1. txandan jokatuko dute estropada, 11:00ak inguruan, eta gizonezkoek, aldiz, 3. txandan, 12:00ak aldera. Emakumezkoak 6. txandan arituko dira, 13:20ak aldera.