Bi kasu positibo baieztatu dituzte Zumaian azken orduetan

Aiora LarraƱaga 2021ko eka. 10a, 13:07

Zumaian intzidentzia tasa 254,40koa da oraindik. Hego Euskal Herrian 288 kasu berri atzeman dituzte, eta azkeneko probetan %3koa izan da positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak argitaratu dituzte COVID-19aren inguruko azken datuak, eta horien arabera atzo bi kasu positibo zenbatu zituzten Zumaian; aurreko bi egunetan ez da emaitza positiborik izan. Kasu metatuen tasak, dena den, aurreko bi egunetan bezala jarraitzen du; 254,40an dago une honetan ere.

Urola Kostan hamar positibo berri atzeman zituzten atzo, herenegun baino hiru kasu gehiago. Azken orduetako datuei erreparatuz gero, Azpeitia izan da kasu berri gehien izan dituen eskualdeko herria, 3 hain zuzen ere; hala, herri horretako 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 328,52koa da eta eremu laranjan jarraitzen du.

Bestalde, bina kasu atzeman zituzten atzo Getarian eta Zarautzen, eta eremu horian kokatuta daude, Zumaia bezala; 141,34ko intzidentzia tasa du Getariak, eta Zarautzen 162,76koa da. Horrez gain, kasu positibo bakarra atzeman zuten atzo Azkoitian, baina 14 eguneko intzidentzia tasa 450,64koa denez, eremu gorrian dago Urola Erdiko herria.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Orion eta Zestoan ez zuten positibo berririk atzeman. Honako hauek dira herri bakoitzeko intzidentzia tasak: Aia 50,38; Aizarnazabal 260,38; Orio 293,54 eta Zestoa 51,36. Beizaman, berriz, ez dute positiborik izan azken 14 egunetan.

Hego Euskal Herrian 288 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo 9.302 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 288 positibo baieztatu zituzten: 25 Araban, 134 Bizkaian, 76 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Hala, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3koa da.

Bestalde, ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta jakinarazi du atzo 24 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzako erietxeetan. Egun 108 herritar daude ospitaleratuta, eta horietatik 77 daude ZIUn.