90 urteko zumaiarrak omenduko dituzte igandean Aitzurin

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 10a, 11:51

Beheko plaza elkarteak eta udalak antolatu dute 90 urteko zumaiarrak omentzeko ekitaldia. Igandean izango da, 12:30ean, Aitzuri pilotalekuan.

Zumaiako Udalak eta Beheko plaza elkarteak 90 urteko zumaiarrak omenduko ditu igandean, hilak 13. Senideekin batera parte hartuko dute omenduek ekitaldian.
 
Hasteko eta behin, Zutrik taldeak trikiti doinuekin alaituko du ekitaldia, eta jarraian, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Arritxu Bidasoro Beheko plaza elkarteko lehendakariak adinekoak agurtuko dituzte. Beraiei zuzendutako bertsoa entzun, opari bana jaso, eta omenaldia behar bezala borobiltzeko, mokadutxo bat jateko aukera izango dute bertaratutakoek. 
 
Aurten 27 zumaiarrek bete dituzte edo beteko dituzte 90 urte. Igandeko omenaldian horietatik 18 izango dira, baina ekitaldian parte hartzen ez duten gainerako adinekoek ere oparia jasoko dute datorren astean.