Babestutako edukia

Euskal Herria Zuzenean festibala uztailaren 2tik 4ra egingo dute, formatu berezian

Arrosatik Irisarrira, Idauze mendiko zelaiak, Heletako plaza eta Lekorneko Garroa gaztelutik pasatuz, EHZ festibalak 25 urteko ibilaldi aberatsa ospatuko du aurten, Irisarrin (Nafarroa Beherea).

Euskal Herria Zuzenean festibalak 25 urte egingo ditu aurten, eta iazko etenaldiaren ondoren, uztailaren 2tik 4ra egingo dute Irisarrin (Nafarroa Beherea). Musika jaialdian parte hartuko duten lehen taldeen izenak eman dituzte antolatzaileek: Zea Mays, Tiktara, Proleter, Rukula, Rüdiger, Physis VS Nomos, Chill Mafia, Ruper Ordorika, Potato, Kuartz, Torheit eta Andoni Ollokiegi izango dira oholtza gainean. Gainera, musikaz gain, antzerkia, zirkua eta bestelako ikuskizunak ere egongo dira: Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, Tio Teronen semeak, Hatz(A)ma…

Era berean, hausnarketari ere tartea egingo dietela aurreratu dute arduradunek, hitzaldi eta mahai-inguruen bitartez, hainbat gai landu nahi dituzte: artearen funtzioak, etxebizitza problematika, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta festibalaren urteurrena.

Uztaileko festibalerako sarrera batzuk dagoeneko jarri dituzte salgai. Hala, hiru egunetarako sarrera 35 eurotan eros daiteke www.ehz.eus webgunean. Halere, oraindik gehiago jarriko dituzte salgai, eta hurrengo astean Baleikek sarrera bat zozketatuko du bazkideen artean.

Osasun neurriak

Aurten, osasun neurriak kontuan harturik egingo da jaialdia, eta formatu berezi bat prestatu dute antolatzaileek. Festibalera sartu nahi dutenek 48 ordu lehenagoko PCR testaren emaitza negatiboa edo txertoa hartu izanaren ziurtagiria erakutsi beharko dute sarreran. Halaber, zehaztu dute kontzertu, antzerki, dantza eta bestelako emanaldiak zutik ikusi ahalko direla, baina maskara jarrita eduki beharko dela.