Nerabeei zuzendutako hainbat ekimen antolatu dituzte udarako

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 9a, 16:00

Udaleku ibiltari bat, argazki rally bat nahiz hainbat kirol jarduera antolatu dituzte elkarlanean Gazteguneko eta Kale Heziketa programako hezitzaileek. Bestalde, egunpasak, Musika Eguna zein zuhaitzekin lotutako jarduerak ere egingo ditu Gazteguneak.

Gero eta gutxiago geratzen da udarako, eta herriko nerabeek ere izango dute zer gozatua aurten. Kale Heziketa programako eta Gazteguneko hezitzaileek zenbait jarduera antolatu dituzte elkarlanean, "bi zerbitzuetan parte hartzen duten nerabeak eta gazteak elkarren artean giro onean erlazionatzeko". Esaterako, udaleku ibiltari bat egingo dute Zumaiatik Ondarroara, eta uretako zenbait kirol jardueratan ere arituko dira.

Hona hemen, hain zuzen, Kale Heziketa programak eta Gazteguneak elkarlanean prestatutako jarduerak:

  • Ekainak 25. Argazki rallya
  • Ekainak 30etik uztailaren 2ra. Udaleku ibiltaria Zumaiatik Ondarroara
  • Uztailak 8. Piragua saioa
  • Uztailak 15. Paddle surf saioa
  • Uztailak 22. Snorkel saioa Getarian

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dena den, edukiera mugatua izango da ekimenetan, eta gehienez 24 pertsonak hartu ahal izango dute parte. Izena eman nahi dutenak harremanetan jarri behar dira Kale Heziketa programako (688 850 239) edo Gazteguneko (633 467 132) arduradunekin; nahikoa da telefono zenbaki horietako batera deitzea edo mezu bat bidaltzea.

Bestalde, Gazteguneak egitarau propioa osatu du aurten ere. Ohiko ekimenez gain, beste zenbait irteera proposatu ditu Gazteguneak uda honetarako:

  • Ekainak 22. Egunpasa Zarautzera
  • Uztailak 6. Egunpasa Donostiara
  • Uztailak 13. Musika Eguna Zumaian
  • Uztailak 20. Arbolismoa

Aurreratu dutenez, Zarauzko egunpasan moilako kukaña nahiz hondartza bisitatuko dituzte; Donostiako egunpasan, scape street delakoan arituko dira eta hondartzara joango dira; Musika Egunean, dantza nahiz instrumentu ikastaroak eta kontzertuak izango dira eta Gernika parkean bazkalduko dute; arbolismo izeneko jardunaldian, azkenik, gazteek zirkuitu bat egingo dute zuhaitzetatik eta tirolinatik botatzeko aukera izango dute, besteak beste.

Gazteguneko arduradunen esanetan, gehienez hogei pertsonak hartu ahal izango dute parte egitarau propioko ekimenetan. Hala ere, aldaketak egotea posible denez, @gaztetxola Instagram kontuaren nahiz Whatsapp aplikazioaren bidez emango dute informazio eguneratua.