Fito Rodriguez: "Pertsonaia hezurmamitu egin da, kalean ikusi dut"

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 9a, 09:32

Hiru hilabetez egongo da Fito Rodriguez idazlea Zumaian, narrazio labur bat sortzen. Udalbiltzak sustatutako 'Geuretik sortuak' egitasmoan parte hartzen ari da. Sortzaile zumaiarrek ere sortuko dituzte beren obrak beste herri batzuetako egonaldietan: Maite Aizpuruak Atarrabian eta Uharten egingo du egonaldia, Metrokoadroka sormen laborategia kolektiboaren barruan; Telmo Irureta Tanttaka teatroa konpainiaren arituko da, Arrigorriagan.

Udalbiltza erakundeak Geuretik sortuak egitasmoa jarri zuen abian abenduan. Euskara hutsean egindako arteari eta sormenari bultzada emateko zirkuitu nazionala azken hilabetean ari da garatzen, eta sortzaileek hamasei ipuin, bost antzerki obra eta bost film labur sortuko dituzte Euskal Herriko 26 herrietan egiten ari diren egonaldietan. Zumaia ere egitasmoaren parte da, eta Fito Rodriguez idazleari egokitu zaio herrian bere obra sortzea. Hain zuzen, narrazio labur bat idatziko du.

Sortzez gasteiztarra da Rodriguez, baina haurra zenetik ezagutzen du Zumaia. Trenez etortzen zen hondartzara. Hala eta guztiz, egitasmoak aukera eman dio “gehiago sartzeko zumaiarren bizitzan”. Idazleak dio harremanak funtsezkoak direla bere kontakizunean: “Hiri handi batean pertsona bat ikusi nahi ez baduzu, ez duzu ikusi beharrik; baina herri txiki batean, dena daukazu eskura eta jende guztiarekin dauzkazu harreman zuzenak”. 

Edozein genero idaztean, dela nobela, poesia, saiakera edo antzerkia, ideia batetik abiatzen da, Rodriguezen arabera. Oinarria kontzeptu bat, erreferentzia literario edo artistiko bat edota bizipen bat izan daiteke. Ideia hori, literaturan pertsonaietan gauzatzen dela azaldu du, eta kasu honetan, Zumaian gauzatu da bere kontakizuneko pertsonaia nagusia. 

“Itzulera zen hasierako ideia eta oinarria, alegia, pertsonaia adindu bat bueltatu egiten da herrira urte askoan kanpoan egon ondoren”, dio. Lehen ideia hori “zabaldu” egin da Zumaiako egonaldian: “Pertsonaia hezurmamitu egin da, eta kalean ikusi dut”. Rodriguezek gaineratu du oso pozik dagoela egiten ari den lanarekin eta herriak eman dion babesarekin. 

Nazionala eta lokala
Udalbiltzak sustatutako egitasmoa nazionala izatea beharrezkoa da, Rodriguezen hitzetan. “Duela 65 urte hasi zenean abertzaletasun berria loratzen, funtsezkoa izan zen planteamendu hura. Alegia, ikuspegi nazionala berreskuratzea. Ordukoa zen Euskadi Ta Askatasuna, baina egungo Euskadi ez da orduko Euskadi. Ez da nazio bat, estatu bateko autonomia bat baizik. Eta askatasuna, berriz, kañak hartzeko aukera soila da”. “Azaleko” planteamendu horrek “sakontasunez” erantzuteko beharra dakarrela uste du, eta kasu honetan, horretarako aukerak ematen ditu, Rodriguezen ustez, Geuretik Sortuak egitasmoak. 

COVID-19a dela-eta hasi da kulturaren, irakaskuntzaren, salerosketaren, zerbitzuen eta gainerako arloen saretzearen bidea ugaltzen, baina berez, ez du koronabirusak berak ekarri hori. Hala dio Rodriguezek: “Geure egoera teknologiko berriak eragindako gizarte berri baten antolaketari dagokion moldaketa da; kulturak horren beharra bazuen, eta badu”. Egitasmoaren barruan sortuko diren lanak sarean izango dira eskuragai norberak deskargatu ahal izateko, eta, era berean, paperean, liburuetan eta ikus-entzunezkoetan ere jasoko dira. “Aukerak ematen ditu kultur sistema zaharrak eta berriak behar bezala uztartzeko”, nabarmendu du.