Kalea izango da protagonista udako kultur agendan

Dorleta Agiriano Lai-Mireia Galarza 2021ko eka. 8a, 17:45

Musika, antzerki nahiz dantza ikuskizun ugari izango dira udan, ekainetik hasita. Oraindik ez dute abuzturako egitarau finkoa aurkeztu, baina Zumaiako Musika Jaialdia eta Dardaradest egingo direla jakinarazi dute.

Aurtengo udan "kaleari kultur kutsua" emateko ekitaldi ugari izango dira Zumaian. Zumaiako Udalak, Dardara Musika Kolektiboak, Zumaiako Musika Bandak eta Maria Zubimendi musikariak gaur aurkeztu dute uda honetako kultur egitaraua; momentuz, ekainerako eta uztailerako antolatutako ekimenen berri eman dute, eta abuztuan izango diren hainbat jardueraren inguruko zenbait zertzelada ere eman dituzte. Miriam Romatet Zumaiako kultur teknikariak azaldu duenez, oraingoz nahiko "ziurra" da ekainerako eta uztailerako aurkeztutako egitaraua, baina "baldintzatuta" dago: "Egoera aldakorra da; urte eta erdi daramagu araudiarekin dantzan, eta aurten horrek ere eragin dezake". Ohartarazi du, beraz, aldaketak egon daitezkeela lekuari edota aforoari dagokienez; "eta espero dezagun onerako izatea aldaketa horiek".

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen esanetan, dagoeneko erabakita dago uda honetan ez dela festarik ospatuko herrian, baina, hala ere, "kultur agenda oparoa" izango dela azaldu du, "adin desberdineko jendeari" zuzendutakoa. "Batik bat kalean kokatuko gara", esan du Romatetek. Hala, kalean dantza, antzerki eta musika ikuskizunak izango direla jakinarazi du, eta "musika mota desberdinak" uztartzen saiatu direla nabarmendu du. Romateten arabera, azken udazkenean musika eskaintza "modu jarraikoan" "zabaltzeari" ekin zion udalak, "eta horren jarraipena izango da uda". Idoia Asurmendi abeslariaren eta Chill Mafia eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuak izango dira ekainean eta uztailean, eta aurreratu dutenez, Ezpalak taldea arituko da abuztuan, eta Neomak irailean.

Sarrerak aurrez

Kontzertuetarako sarrerak astebete lehenago jarriko dituzte salgai Zumaiako Turismo Bulegoan, 5 euroan. Gainontzeko emanaldietarako gonbidapen-txartelak beharko dira, eta egun bat lehenago eskuratu ahal izango dira leku berdinean. 

Abuztuan ere atsedenik ez

Abuzturako egitarau finkorik aurkeztu ez badute ere, jakinarazi dute Zumaiako Musika Jaialdiaren 37. edizioa izango dela aurten, eta ziur aski, uztailaren 30etik abuztuaren 12ra bitartean ospatuko dela. Joxe Mari Azkue Zumaiako Bandako zuzendariak argitu du herriko elkarteek nahiz kanpoko musikagileek hartuko dutela parte, besteak beste, Sapere Audek, Zumaiako Abesbatzak eta bandak berak. Jaialdiko egitarauaren barruan, emanaldi berezi bat eskainiko dute bandak eta Maria Zubimendi abeslari zumaiarrak, Astor Piazzolla konpositorearen obrak landuta. 

Unai Eizagirre Dardarako eta Ezpalakeko kideak jakinarazi du, gainera, Dardarafest rock jaialdia egingo dutela aurten ere, eta esaterako, Cobra eta Grises taldeak gonbidatu dituztela. "Oraindik ikusten ari gara ea jaialdia nola egin, baina seguru gaude aurrera aterako dugula", dio Eizagirrek.

Udako kultur agenda

Ekaina

  • Ekainak 10. First cow filmaren emanaldia Aita Mari aretoan, 19:00etan.
  • Ekainak 11. Idoia Asurmendiren kontzertua Zumaienan, 20:00etan.
  • Ekainak 17. Musika Eskolaren ikasturte amaierako saioa Zumaienako patioan, 18:30ean, eta Suharra, gure arbasoen ondarea dokumentalaren emanaldia Aita Marin, 19:30ean.
  • Ekainak 20. Tomaxen Abenturaken Adi, grabatzen, ekin! haurrentzako antzezlana Zumaienako patioan, 18:30ean.
  • Ekainak 23. Komentuko lorategia zabaltzeko ekitaldia 18:30ean, eta Ekhi Gaua online, 22:00etan.
  • Ekainak 24. Baby filmaren emanaldia Aita Marin, 19:00etan.
  • Ekainak 27. Bilboko Udal Txistulari Bandaren eta Zumaiako Musika Bandaren kontzertua Zumaienan, 13:00etan. 

Uztaila

  • Uztailak 3. Bertsolari gazteen saioa Arrangoletan, 19:00etan.
  • Uztailak 4. Artisau azoka Eusebio Gurrutxaga plazan, 10:00etatik 14:00etara.
  • Uztailak 10. Chill Mafiaren kontzertua Sagarbideko patioan, 20:00etan.
  • Uztailak 17. Kukai Dantzaren eta Brodas BrosenTopa dantza emanaldia Odietan, 20:00etan.
  • Uztailak 23. Unidad Alavesaren kontzertua Sagarbideko patioan, 20:00etan.
  • Uztailak 24. Kontu kantari 2 haurrentzako ikuskizuna Sagarbideko patioan, 19:00etan.
  • Uztailaren 30etik abuztuaren 12ra. Zumaiako Musika Jaialdia.