Zumaiako neskak seigarren izan dira Lekeitioko estropadan

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 6a, 17:00

Orio izan da nagusi gaurko test proban, baina zumaiarrek ere lan txukuna eginez, sailkapenaren erdian bukatu dute.

Lekeitioko gizonezkoen 42. eta emakumezkoen 10. banderen estropadak jokatu dituzte gaur goiz-eguerdi partean hainbat euskal traineruk, asko eta asko goiko mailetan lehiatzen direnak, denboraldi berrirako test moduan baliatuta. Urola Kostatik bost ontzi aurkeztu dira hitzordura, eta denetariko emaitzak izan dira batzuentzat zein besteentzat.

Orioko emakumezkoek zapore gozoarekin bukatu dute gaurko jardunaldia, aurreko bi urteetako dinamikarekin jarraitzen dutelako, beraien arraunketa serioa eta dotorearekin. Gaur, Donostiarra eta Hondarribia baino gehiago izan dira, 9 eta 13 segundoko aldea atera diete, eta bandera irabazi dute. Zumaiako neskak ere fin aritu dira, eta lan txukun baten ondoren, seigarren postuan sailkatu dira, Donostia Arraun Lagunaken atzetik.