Zumaiarrak bikain aritu dira etxean jokatutako kadeteen txirrindularitza proban

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 5a, 14:30

55 kilometroko ibilbidea egin dute helmugara iritsi diren 87 txirrindulariek. Taldekako sailkapenean, bederatzigarren postuan da Viveros San Anton-Mardu.

Zumaian hasi, eta eskualdeko errepideetan zehar 55 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, leku berean amaitu den lasterketa jokatu dute kadete mailako txirrindulariek gaur, larunbata. Hain justu, Zakila Birari hiru itzuli eman dizkiote helmugara iritsi diren 87 txirrindulariek: Oikiatik Aizarnazabaleranzko bidea hartu, Iraetatik Arroara joan, eta Txikierditik itzuli berriz Zumaiara. 

Zumaiena pareko helmuga zeharkatzen lehena Gama Muruzabal-Erro y Eugi taldeko Raul Ostiz Taco txirrindularia izan da, ordu bat, 25 minutu eta 22 segundoko denboran ibilbidea osatuta. Gertutik jarraitu diote Viveros San Anton-Mardu taldekoek. Tropelean iritsi dira, bost segundora, Andde Etxaniz eta Mattin Salegi; hamargarren eta hemezortzigarren postuan sailkatu dira, hurrenez hurren. Anuk Gogenola, berriz, 60. iritsi da helmugara, Ostiz baino hamazazpi segundo beranduago. 

Taldekako sailkapenean bederatzigarren postuan da Viveros San Anton-Mardu. Ikusi hemen sailkapena.