Aitzurin eman diote hasiera Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketari

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 5a, 18:30

Teniseko paleta modalitateko lau partida jokatu dituzte gaur Aitzurin. Aurrez aurre neurtu dira Leire Esnal eta Xabier Olaziregi zumaiarrak; Esnalek irabazi du norgehiagoka, Lorea Iribar zarauztarrarekin bikotea osatuta.

Abian da Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa. Banakako lehia jokatu ondoren, binakakoaren lehen jardunaldia jokatu dute gaur, larunbata, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Teniseko paleta modalitateko lau norgehiagoka jokatu dituzte, hain zuzen. Xabier Olaziregi zumaiarrak Lander Ortegarekin osatu du bikotea, eta aurrez aurre neurtu dira Leire Esnal zumaiarrak eta Lorea Iribarrek osatutako bikotearen aurka. Esnalek eta Iribarrek lortu dute garaipena, markagailua 15-13 utzita. 

Iraitz Huegunek eta Xabier Arizkorretak 15 eta 5 irabazi dute partida Eneko Sagarmendi eta Aritz Lertxundiren aurkako lehian. Joseba Altuna eta Jurdan Arakistainek osatutako bikoteak, aldiz, ezin izan dituzte Sagarmendi eta Lertxundi mendean hartu. 15 eta 10 amaitu dute partida. Altunak eta Arakistainek Huegunen eta Arizkorretaren aurka ere galdu egin dute, 3 eta 15.

Errenterian izango dira hurrengo partidak, ekainaren 12an. Finalak, aldiz, hilaren 26an jokatuko dituzte, Zumaian berriz ere. Teniseko paleta modalitateaz gain, Aitzuri pilotalekuan jokatuko dituzte gomazko paleta modalitateetako finalak ere.