Erretratua

Izar Martin, gidarien gidari

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 6a, 09:00
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

“Non nengoke ni gidabaimena beste autoeskola batean atera banu?”. Hala laburbiltzen du Izar Martinek Zumaia autoeskolarekin gaur egun duen lotura estua. Izan ere, duela 26 urte zapaldu zuen lehenbizikoz leku hori Martinek, zetozen urteetan bere bizitzan izango zuen pisuaren susmo izpirik gabe.

Bederatzi anai-arrebetatik gazteena da Martin. Gogoan du gurasoek harremana zutela herriko bi autoeskolekin, Zumaiarekin eta Garaterekin. Martinen aita igeltseroa zen ofizioz, eta hark egin zien obra Mila Soraluzeri eta Juan Kruz Agirrezabalari Zumaia autoeskola erosi zutenean. Garate autoeskolaren nagusia ere ezagutzen zuten Martinen gurasoek, amaren kintako herriko gizon bat baitzen. “Gure gurasoek erabaki zuten, hainbeste anai-arreba izanik, negozioa autoeskola bakarrari egin beharrean, txandaka bidaliko gintuztela batera eta bestera”, azaldu du Martinek. Garatera joatea egokitu zitzaion Martini, baina Amaia ahizparen gomendioei jarraikiz, Zumaia autoeskolara joatea erabaki zuen: “Han ongi irakasten zutela esan zidan Amaiak, eta anai-arrebetan azkena nintzenez, kasu egin nion”.

Gidabaimena ateratzeko klase praktikoetan ezagutu zuen 2016an erretiroa hartu zuen Juan Kruz Agirrezabala irakaslea. “Kotxeko klase praktikoetan hitz egiten genuen. Garai hartako oroitzapen txarra dut, batez ere bigarren batxilergoarena. Ez dakizu zer ikasi, ez dakizu zer egin… Gurasoekin erabaki nuen zerbait ikasten hasi beharrean lantxo bat bilatzea, denbora labur baterako. Horixe komentatu nion Juan Kruzi. Esan zidan langile bat behar zutela, lanaldi erdirako, bulegoko lanak egiteko. Urriaren 9an eskuratu nuen gidabaimena, goizeko hamaiketan; hiruretan lanean nengoen autoeskolako bulegoan”, dio Martinek. “Karanbola izugarria” izan da, Martinen hitzetan, lan eskaintza hari baiezkoa ematea.

“Txokantea” zen, Martinen arabera, hemezortzi urterekin lana autoeskolan egitea: “Autoeskolan ikasten zebilen jendea nire adinekoa edo zaharragoa zen. Galdetzen zidaten zer egiten nuen han”. Ordenagailuko lanak egin, testei fotokopiak atera… lan txiki horiek egiten hasi zen, baina libre samar zebilenean, Milaren ondoan jarri, eta testak nola zuzentzen zituen ikusten zuen. Jende gutxi zeukatenean, testak zuzentzen ere hasi zen Martin. Hiru hilabeteko kontratua beste hiru hilabete luzatu zioten, gero beste sei, eta bi urte igaro ondoren, lanpostu finkoa lortu zuen autoeskolan.

Bulegotik irakasle izatera

“Jende askok uste du Gorkaren [Agirrezabala, Matxi] bikotea naizelako nagoela hemen lanean”, ezeztatu du. Autoeskolako irakasle izateko titulua ateratzea zebilkien buruan Martinek bulegoko lanak egiten zituen garaian, eta Juan Kruzi eman zion bere asmoen berri. “Hartara, barruan lan egin beharrean kanpoan ere egin ahal izango nuen”, dio Martinek.

Haren hitzetan, titulua ateratzeko izena ematen duten gehienek lehenago lotura dute ogibidearekin. Guztira, bi urteko ikasketa prozesua egin behar da, gutxienez, Bide Heziketako irakasle izateko gaitasun agiria eskuratzeko. “Lehenengo, sarrera proba bat egiten da, teorikoa eta praktikoa. Teorikoa gidabaimena ateratzea baino pixka bat zailagoa da, detaile gehiagorekin, baina lortzeko modukoa; hori gehienek gainditzen dute. Praktikoa, berriz, hiriburuan izaten da. Nik Donostian egin nuen”, argitu du. Proba hori gainditzen dutenek zazpi irakasgai gainditu behar izaten dituzte: Mekanika, Bideko Segurtasun Arauak, Arauak eta Seinaleak, Ibilgailu Astunen Arautegia, Lehen Sorospenak, eta, azkenik, Gidatzera Egokitutako Psikologia eta Pedagogia. Martinen arabera, pauso horretan erortzen da jende gehiena. Autoeskolan lan egitea abantaila zen harentzat; hala ere, Donostiako ikastaro batean eman zuen izena. “Azterketetako galderek tranpak dituzte beti, eta hobeto izaten da norbaitek orientatzea”, dio. Martinek azaldu du, azkenik, klase presentzialak jaso behar direla hamar astez. 

Behin bide heziketako oinarrizko ezagutzak barneratuta eta titulua eskuratuta, nola irakatsi gidatzen? Pazientzia oinarrizkoa da, Martinen arabera, beren lanbidean: “Gauza bera errepikatu behar izaten duzu hamabost aldiz, eta onartu behar duzu hala dela. Badakizu datorrenak ahalik eta ondoen egiten duela, eta bera dela gidabaimena ateratzeko interesa duena. Batzuk oso beldurtuta edo urduri etortzen dira, eta lasaitzen jakin behar da. Beste batzuk oso haizatuta, eta haiek aparretik jaisten jakin behar da”.

Klase praktikoetan industriagune batera eramaten ditu lehenbizi ikasleak. “Hasieran, guk manejatzen ditugu pedalak, eta bolantearekin eramaten uzten diegu. Nahiko azkar egiten dugu hori”, azaldu du. Martinen hitzetan, “berehala” igartzen die trebetasuna edo baldartasuna. Horren arabera erabakitzen du industriagunean jarraitu edo errepidera jo: “Batzuetan industriagunean ibiltzea bakarrik bada zerbait. Gainera, azalpenak emateko hobeto izaten da geratzea. Gidatzen ari denean hitz egiten baduzu, ikaslea kontzentratuta dago, eta igual ez du informazioa behar bezala jasotzen”.

Ametsetan ere gidatzen

Klase praktikoak ematen hasi zenean, noizbehinka, amesgaiztoek asaldatuta esnatzen zen Martin: “Bazterra jotzen nuela amesten nuen. Lehenengo hilabeteetan urduri ibili nintzen. Zalantzak sortu zitzaizkidan. Buruz behera eta besoa luzatuta esnatzen nintzen, bolantea bilatzen mesanotxeari helduta. Kopilotoaren lekutik ezkerreko eskua luzatzen dut bolantea zuzentzeko bazterrera arrimatzen garenean”. Oiartzungo autoeskolan lan egiten duen lagun bati eman zion bere amets gaiztoen berri, eta hark erantzun zion bere anaia behin ohetik erortzen ikusi zuela esku frenoaren bila.

Pixka bat lasaitu, eta Juan Kruzekin hitz egin zuen amets horien inguruan: “Barrez erantzun zidan, bere patxadarekin. Niretzat eredu bat izan da, irakasten hasi aurretik atzean jartzen nintzen berak nola irakasten zuen ikusteko. Patxada izugarria dauka. Transmititzen duen lasaitasun horrekin esan zidan lasai egoteko, denei gertatzen zaiela hori. Hori jakitearekin joan ziren nire amets gaiztoak, jende gehiagori gertatzen zitzaiola jakitearekin batera”.

Azterketa eta aztertzaileak

Azterketa eguna izaten da okerrena Martinentzat: “Tentsioan zaude, ondo ateratzea nahi duzu; batzuetan hala izaten da, baina beste batzuetan ez. Aste batean ez badira ondo atera, ez da ezer gertatzen. Baina ez bada kasu puntuala, zalantzan jartzen duzu zure lana. Hala ere, badakigu urduritasunaren mende ere badagoela emaitza. Ardura puntu bat zurea da: azterketaria kalifikatzen dute, baina baita zuk harekin egin duzun lana ere”.

Azterketa praktikoekin “etengabeko tira-biran” dabiltza autoeskolak eta DGT, Espainiako Trafiko Zuzendaritza, Martinek azaldutakoaren arabera: “Gipuzkoan zortzi aztertzaile zeuden, eta lauk erretiroa hartu dute. Espainian, guztira, 150-200 behar dira. Eskumena Madrilena da, eta urteak daramatzagu politikariekin eta bilerak egiten. Eusko Jaurlaritzak eskumena eska dezan nahi dugu, uste dugulako hobeto kudeatuko litzatekeela. Espainiak ez du zerbitzu onik ematen”.

Aztertzaileen soldata eta lan baldintzak Madrilek kudeatzen dituela azaldu du Martinek, eta, haren hitzetan, ez da gauza bera soldata horrekin Cuencan edo Donostian bizitzea. “Gipuzkoa aukeratzen dutenek bizi maila garestiagoa dute. Gainera, askotan, bi urte egon behar izaten dute, eta gero lekualdatzea eskatzen dute. Beraien probintzian hipoteka ordaintzen ari dira aztertzaile horiek, edo familia han utzi dute. Hemengo jendea, normalean, ez da oposizio horietara aurkezten”, argitu du. 

Hamabi lanegunetik behin jartzen dute orain azterketa praktikoa, baina aurkez daitekeen ikasleen kopurua mugatzen diete. Urte hasiera “kaosa” izan da, Martinen arabera: “Aztertzaileek iazko oporrak hartzeko zituzten artean, eta kopuru txikia utzi ziguten aurkezten. Jende gehienak ulertzen du, baina azalpenak eman behar izaten dituzu. Ez da gure errua; ezin ditugu azterketara eraman mugatu egiten digutelako. Jende askok uste du guk Trafiko Zuzendaritzarekin zerikusia dugula, baina gu ikasleen eta Trafiko Zuzendaritzaren arteko bitartekariak besterik ez gara”.

Tira-bira horiez gain, Matxi-rekin batera negozioa berea izateak kezkatzen du Martin. “Negozioa berea duen edonork ditu deskonektatzeko zailtasunak. Batzuetan burutik pasa izan zait autoeskola uztea lasaiago bizitzeko, baina idealizatu egiten ditugu beste lanbide batzuk. Niri hau gustatu egiten zait. Zeinek esaten dizu hobeto egongo zarela? Gainera, herrian bertan lan egitea ederra da. Biok [Agirrezabalak eta Martinek] negozio berean lan egiteak bere alde txarrak ditu, baina guk ondo daramagu”.

“Hemen segituko dut Trafiko Zuzendaritzaren aldetik gauzak ez badira asko okertzen. Ez dut esango egoera okerragoa ezin denik izan, esaten dudan bakoitzean erakusten dute eta baietz. Ez dakit bokazioa den, baina gustatzen zaigu. Asebetetzen nau”, amaitu du Martinek.

  • Adina: 43 urte.
  • Ikasketak: Batxilergoa eta Bide Heziketako irakasle izateko gaitasun agiria.
  • Lanbidea: autoeskolako irakaslea.
  • Irakaslea ez banintz... Gidaroa edo animaliekin zerikusia duen lanen bat.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Izotz txakurrekin paseatzea, mendian edo hondartzan.