Bihar estreinatuko dute 'Suharra', "baserriko bizitza" jasotzen duen dokumentala

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 3a, 16:00
Hainbat ganaduzaleren testigantzak bildu dituzte lanean. (Utzitakoa)

Dokumentalaren sorreran parte hartu dute, besteak beste, Iñaki Agirrezabalaga eta Asier Albite zumaiarrek. Zumaian ekainaren 17an emango dute ikus-entzunezkoa, Aita Marin.

Argia ikustear da Suharra dokumentala. Bihar arratsaldean estreinatuko dute Lasturko tabernan, Itziarren, eta igandean Azkoitian ikusi ahal izango da. Iñaki Agirrezabalaga zumaiarrak zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta sorreran parte hartu duten pertsonen artean dago Asier Albite Zumaiako bizilaguna ere. Albaitaria da Albite, eta Neiker Sari Berezia jaso berri du Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear ikerketa lanagatik.

Suharra dokumentalak "galtzeko zorian" dauden Euskal Herriko behi-arrazen inguruan hitz egiten du; esaterako, "terreñaren, montxinaren, betizuaren eta larrabehiaren historia eta gaur egungo egoera" lantzen baititu. Behi-arraza horiek "naturan eta mendietan bioniztasunaren alde eta suteen aurka gauzatzen duten papera agerian uzten" du lanak, sortzaileen esanetan. Dena den, hori abiapuntuetako bat baino ez da, harago baitoa ikus-entzunezkoa: ganaduez gain, "galtzeko zorian" dagoen "baserriko bizitza" jorratzen du orokorrean. Albitek azaldu duenez, memoria ariketa bat izan da dokumentala sortzea, baina batez ere, aurrera begira egindako saiakera bat da: "Ikusten genuen galtzear dagoela bizitzeko modu bat, jakintza mota bat, eta gordeta utzi nahi genuen baserriko mundu hori guztia". Ekoizleek, hain zuzen, zehaztu dute "ezinbestekotzat" jotzen zutela "ganadu suharren inguruko gure arbasoen ondare historiko-kulturala gordetzea eta ondorengo belaunaldiei eskaintzea".

Albiteren arabera, besteak beste, baserriko bizimoduak eta hori oinarri duen bizi-ulerkera osoak "zein onura dituen" erakutsi nahi izan dute ikus-entzunezkoaren bidez, "sistema jasangarri bat" edota "animalien ongizatea" ahalbidetzen dituela ulertuta. "Gaur egun modan dauden hitz asko ditu oinarri, berez, bizimodu horrek", dio.

Bilketa

Dokumentala sortzeko, hainbat ganadutegirekin izan dira harremanetan, haien testigantzak biltzeko. Adibidez, parte hartu dute Euskal Larrabehi Elkarteko kide diren Arno, Berrosueta, Ruso nahiz Albizu ganadutegiek. Hitza hartzen dute ikus-entzunezkoan, bestalde, zenbait adituk, abeltzainek eta, zehazki, baserriko bizimodua lehen eskutik ezagutu eta landu duten hainbat emakumek. "Baserrian presentzia handia izan dute beti emakumeek, eta hori ere islatu nahi izan dugu", esan du Albitek. Zenbait udalek jasota dituzten artxiboetara ere jo dute dokumentala egiteko, albaitariaren arabera. Besteak beste, proiektuari babesa adierazi diote Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako udalek.

Datorren asteburuaren ostean, ekoizleek herri gehiagotan aurkeztuko dute egindako lana. Jakinarazi dutenez, Zumaian ekainaren 17an ikusi ahal izango da dokumentala; Aita Marin izango da emanaldia, 19:30ean.

Erlazionatuak