2.000 erosketa bonu jarriko dituzte eskuragai

Ezkerretik eskuinera: Alex Oliden, Jennifer Fernandez, Esti Irureta, Krux Ugartemendia eta Lore Garciarena. (Zumaiako Udala)

35 euroren truke eskuratu ahal izango dira erosketa txartelak, baina gero, guztira 50 euroko balioa izango duten erosketak egiteko gastatu ahal izango dira. Bonu bakarra baino ezingo du erosi pertsona bakoitzak.

Gertu Zumaiako merkatarien elkarteak eta udalak erosketa bonu kanpaina berri bat abiatu dute. Ekainaren 9tik aurrera erosi ahal izango dira bonuak Zumaiako Turismo Bulegoan, eta 35 euro ordainduta, 50 euroko balioa duten erosketa txartelak eskuratu ahal izango dituzte zumaiarrek. Lau zati izango ditu bonu bakoitzak; 20 euroko bat, eta 10 euroko hiru.

2.000 txartel egongo dira guztira, eta kanpainan izena ematen duten establezimenduetan erabili beharko dira, ekainaren 9tik uztailaren 31ra bitartean. Argitu dutenez, dena den, bonu bakarra erosi ahal izango du pertsona bakoitzak, eta beraz, identifikazio agiriren bat erakutsi beharko da bonua eskuratzeko orduan.

Izen-ematea zabalik hilaren 8ra arte

Kanpaina berrian parte hartu nahi duten negozioek izena eman beharko dute aurrez, eskaera-orria beteta eta, ondoren, zumaiaelkartea@gmail.com helbide elektronikora bidalita edo Turismo Bulegora eramanda. Ekainaren 8an amaituko da izena emateko epea, eta Gertuko partaide ez diren establezimenduek ere izango dute parte hartzeko aukera.