Andoni Garaizar: "Jendea ohitzen ari da zinea plataformetan kontsumitzera"

Andoni Garaizar. (Utzitakoa)

Zumaiako zine eskaintzaz arduratzen den langileetako bat da Andoni Garaizar plentziarra. Iazko udan hasi zen, besteak beste, Aita Marin emango ziren filmak hautatzeari eta zerbitzua emateari; pandemia bete-betean. Uste du pandemian agerian geratu diren hainbat aldaketa "geratzeko etorri" direla.

Askotariko ikasturte eta denboraldiak amaitzen ari diren honetan, zinema-aretoetan ez dute etenik aurreikusi datozen hilabeteetarako. Zumaiako Aita Mari aretoan ere bere horretan jarraituko du zine programazioak, eta emanaldian izango dira udan zehar ere. Zerbitzuaz arduratzen den langileetako bat da Andoni Garaizar (Plentzia, 1971). Gaur egun Aisilan da Zumaian zine zerbitzua kudeatzen duen enpresa, baina urtebete ere ez da igaro herrian lanari ekin zionetik; uztailean hasi zen, pandemiaren erdian.

"Zerbitzuaren ardura hartu genuen jakinda galerekin hasiko ginela, baina uste baino luzeago doa pandemia azkenean. Gehienek bezala, pentsatzen genuen hilabete batzuetako kontua izango zela eta egoera hau ez zela hain luze joango", dio Garaizarrek. Zinema-aretoei dagokienez, azaldu du itxaropena zutela pixkanaka "ohiturak berreskuratzen" hasiko zela jendea; "baina ez da hala izan". Aretoetako martxak izan duen beherakadan, dena den, "hainbat faktorek" eragin dutelakoan dago.

Nabarmendu du, batetik, jendeak "ordu asko" ematen dituela etxean eta, orduan, ez duela "etxetik atera eta beste leku itxi batera sartzeko" gogo handirik izaten. Bestetik, gogorarazi du banaketa-enpresa handiek ez dituztela "film erakargarri asko" kaleratu, eta urte honetan banaketa-enpresa txikien filmak izan direla nagusi. "Eskaintza horrek ere badu bere publikoa, baina askoz ere jende gehiago erakartzen dute banatzaile handien lanek", dio Garaizarrek. Bestalde, indarrean izan diren neurri murriztaileen eraginari egin die azpimarra langileak. Haren esanetan, ez da soilik zine eskaintza aldatu dena, aretoetako baldintzak ere aldatu egin baitira. Edukiera eta ordutegi murrizketak nahiz garbiketa-neurriak aipatu ditu, esaterako.

Ohiturak ezbaian

Datorrenari ere nolabaiteko kezkaz begiratzen dio Garaizarrek: "Jendeak badu irteteko gogoa, baina kalera. Ez, agian, leku itxi batera". Iritzi dio, gainera, pandemian bistaratu diren "zenbait aldaketa geratzeko etorri" direla, nahiz eta oraindik "ez dakigun zein aldaketa" diren horiek. "Okerrenean jarrita, ikusten dut agian jendea ohitzen ari dela zinea plataforma digitaletan kontsumitzera", hausnartu du. Gogora ekarri du, hala ere, "film onak" argitara eman dituztenean, jendeak aretoetara jo duela.

Udan, beraz, Aita Marin eskainiko diren filmak aukeratzen eta zerbitzu hori ematen jarraituko dute Garaizarrek eta haren lankideek. Adierazi du zaila dela aurtengo udan zer nolako martxa izango den jakitea, baina uste du "betiko publikoa" izango dela ohikoena, "bertako jendea", alegia. "Film potoloak irteten diren unean, agian, asteburua pasatzera edo oporrak igarotzera etorri den jendea bertaratuko da zinema-aretora, baina esango nuke etorriko den jendea betikoa izango dela gehienbat".