Beste lau kasu positibo baieztatu dituzte Zumaian

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 2a, 13:16

Zumaian gora egiten jarraitzen du intzidentzia tasak, 152,64ra igo baita azkeneko datuekin. Asteburutik atzora bitartean egindako frogei erreparatuta, kasu positiboen kopuruak goranzko joera hartu du eskualdean.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera, beste lau kasu berri zenbatu dituzte Zumaian; herenegungo probetan ere lau lagunek eman zuten positibo herrian. Igotzen jarraitzen du, beraz, kasu metatuen tasak: 81,41ean zegoen astelehenean, 111,94an zegoen atzo, eta 152,64an dago une honetan.

Urola Kostan, guztira, 32 positibo izan dira atzo egindako frogetan. Izurriaren egoeraren hoberanzko joerak etena izan zuen lehengo astearen amaiera aldera, eta zenbakiak okerrera egiten hasi dira eskualdean.

Azkoitian 10 kasu positibo detektatu dira azken orduetan, eta hura izan da Urola Kostan positibo gehien izan den udalerria. Eremu gorrian jarraitzen du herriak, baina intzidentzia tasa zertxobait apaldu da; 484,02 izatetik 458,98ra jaitsi da, hain zuzen ere. Azpeitian zazpi izan dira zenbatutako kasuak, eta han intzidentziak gora egin du 335,09tik 354,80ra.

Zarautzen sei positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 192,74tik  214,16ra igo da. Orion azken egunetako positibo kopururik altuena detektatu dute, bost, eta bikoiztu egin da tasa: 163,08koa da gaur gaurkoz, eta eremu horian dago herria.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da positiborik izan, eta intzidentzia tasa hutsean dute guztiek, Getariak (70,67) eta Zestoak (179,76) izan ezik.

424 positibo Hego Euskal Herrian

10.678 proba egin ziren atzo Hego Euskal Herrian, eta guztira 424 lagunek eman zuten positibo. Herenegun baino 13 gehiago izan dira. Araban 45 detektatu dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 110, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean 5.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 45 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Denera 164 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 89 ZIUetan.