Azken txanpari gogotsu heldu diote Zumaiako futbol taldeek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 2a, 10:30
(Zumaiako Futbol Taldea)

Erregional mailako neskek azken faseko finala jokatuko dute larunbatean, eta Mariñorekin neurtuko dituzte indarrak ligako txapeldun izateko. Erregional mailako mutilek ere gogor egingo dute borroka egun berdinean, txapeldunen faseko finalera sailkatzeko; bestalde, asteburu honetan, finalerdietan sartzea izango da preferente mailako mutilen eta jubenilen ohorezko mailako mutilen helburua.

Denboraldia amaitzear da Zumaiako Futbol Taldearentzat, baina sasoia borobiltzeko aukera esku artean dute oraindik erregional mailako neskek, erregional mailako mutilek, preferente mailako mutilek eta jubenilen ohorezko mailako mutilek. Norgehiagoka erabakigarriak izango dituzte datorren asteburuan, jokoan baitaude liga baten garaipena, final baterako txartel bat eta finalerdietarako beste bi txartel.

Erregional mailako neskek, hain zuzen, ligako azken faseko finala jokatuko dute larunbat arratsaldean. COVID-19a dela eta, lehia berezia izan da aurtengoa: zenbait klubek ez dute parte hartu nahi izan, eta izena eman dutenak, aldiz, inguruko herrietako taldeek osatutako liga batean aritu dira. Euskal Ligarako igoera fasera sailkatzea lortu zuten zumaiarrek, baina galdu egin zuten Azpeitiko Lagun Onaken aurka. Oraindik badute denboraldiari amaiera bikaina emateko aukera, ordea: asteburu honetako finala irabaziz gero, aurtengo ligako txapeldun izango dira.

Lehengo asteburuan Tolosaren aurka irabazi eta finalerako txartela eskuratuta, Zumaiako neskek Irungo Mariño taldea izango dute parez pare finalean, eta Hernanin neurtuko dituzte indarrak. Aurten, gehienez zortzi pertsona egon ahal izan dira publiko gisara futbol zelaietan, baina larunbateko finalean hogei pertsonak izango dute partida aurrez aurre ikusteko aukera.

Txartelak jokoan

Erregional mailako mutilei dagokienez, haiek ere final baten atarian egon daitezke. Txapeldunen fasean daude murgilduta, eta aurreko astean Aita Mari zelaian Antigua Luberri azpiratuta, finalerdietara sailkatzea lortu zuten. Larunbat honetan jasoko ditu bere etxean, Zarkumendegi zelaian, Astigarragako Mundarro taldeak. Partida bakarrean erabakiko dute nor igaroko den azken faseko finalera.

Bestalde, azken faseetako final laurdenak jokatuko dituzte preferente mailako mutilek eta jubenilen ohorezko mailako mutilek. Donostiako Roteta taldearen aurka jardungo dute aurrenekoek, igande arratsaldean Aita Marin. Bigarrengoek, berriz, Hondarribia izango dute aurkari larunbat goizean, eta etxetik kanpo jokatuko dute.