Zumaiako negozioen agertokia izateko sortu dute Zumaian Bai atari digitala

Plataformak Zumaiako "merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-enpresa guztien informazioa biltzea" da udalaren eta Gerturen asmoa. Online erosketak egiteko atal bat ere izango du atariak.

Printzipioz, ekain bukaerarako egongo da erabilgarri Zumaia Bai plataforma digitala. Zumaiako Udalak, Gertu Zumaiako merkatarien elkarteak eta Gipuzkoako merkatari eta ostalarien elkarteak jarri dute martxan proiektua, eta "herriko komertzio eta enpresa txikien erakusleiho birtual" bilakatu nahi dute. Atari hori "Zumaiako merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-enpresa guztien informazioa bilduko duen plataforma bat" izatea da sustatzaileen helburua, eta Internet bidez erosketak egiteko atal bat ere egongo da erabilgarri.

"Saltoki txikiei bultzada emateko" eta "COVID-19ak sektorean eragin dituen kalteak arintzeko" hitzarmen bat sinatu dute udalak eta Gertuk, eta horren emaitzetako bat da Zumaia Bai plataforma. Guztira 90.000 euro bideratuko ditu udalak, eta atari digitalaz gain, erosketa bonuen kanpaina berria eta "bestelako kontzientziazio kanpainak" abiatuko dituzte.

Izen-ematea zabalik hilaren 20ra arte

Atari digitalean parte hartu nahi duten negozioek izena eman beharko dute, eta argitu dutenez, ez da beharrezkoa Gertuko kidea izatea. Eskaera egiteko, izen-emate orria bete eta posta elektroniko bidez bidali behar da, zumaiaelkartea@gmail.com helbidera. Turismo Bulegoan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Udalak jakinarazi du, bestalde, "online munduan aritzeko formakuntza pertsonalizatua jasotzeko" aukera izango dutela komertzio horietako kideek.