Zumaiak jardunaldiko partida guztiak irabazi ditu berriz Herriartekoan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 1a, 08:42
Artxiboko irudia, Carmelo Baldan. (Xistera)

Herenegun Donostiarekin neurtu zituen indarrak Zumaiak, eta jardunaldiko hiru partidetan nagusitu zen. Bi jardunaldi baino ez dira geratzen zesta-puntako ligaxka amaitzeko.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan urrats sendoak eman ditu dagoeneko Zumaiak. Sei jardunaldiko ligaxka ari dira jokatzen zesta-punta txapelketan, eta bi jardunaldi baino ez dira gelditzen jada; partida bat izan ezik, orain arteko guztiak irabazi ditu Zumaiak.

Joan den igandean, maiatzaren 30ean, izan zen ligaxkako laugarren jardunaldia. Zumaia Donostiaren aurka aritu zen bigarren aldiz, Carmelo Baldan, eta eguneko hiru norgehiagoketan gailendu zen. Hona hemen emaitzak:

  • Donostia-K (Egiguren-Egiguren) 13 - 30 Zumaia-K (Watkins-Agirre)
  • Donostia-J (Alberro-Egiguren) 21 - 30 Zumaia-J (Egaña-Odriozola)
  • Donostia-N (Hernandez-Alberro) 21 - 30 Zumaia-N (Agirre-Enbil)

Bestalde, Hondarribiak eta Mutrikuk neurtu zituzten indarrak Hondarribiko Jostaldin. Bi partida irabazi zuen Mutrikuk, eta beste bat etxeko taldeak. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren web-orrian ikus daitezke emaitza guztiak.

Igande honetan jokatuko dute zesta-puntako bosgarren jardunaldia, eta Zumaiak Hondarribia izango du aurkari, bigarren bueltaren barruan. Maiatzaren 16an izan ziren parez pare lehenengoz, eta Zumaia nagusitu zen egun horretako hiru partidetan. Zumaian jardun zuten orduko hartan, baina Hondarribian izango da neurketa oraingoan, 17:00etan.