Gaur aurkeztuko dute 'Ombuaren itzala' proiektua Oxforden

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 31a, 09:27

Pello Mari Otañoren bizitza eta obra jasoko dute film batean, eta horretarako, helburu zehatz bat bete nahi dute "auzolanean": filma ikusteko 30.000 zinema sarrera aurrez saltzea.

Patxi Bisquert aktore zizurkildarrak gaur, maiatzaren 31n, aurkeztuko du Ombuaren itzala proiektua Zumaian. Eguzki Art Zinema ekoizpen etxeak jarri zuen martxan ekimena, Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza eta obra film batean jasotzeko asmoz. Horren bidez, Otañok "gure memoria kolektiboan merezi duen eran txertaturik irautea" da Eguzki Art Zinemako kideen nahia, azpimarratu izan dutenez.

Sostengu modura, dena den, helburu zehatz bat jarri dute: "auzolan" bidez, filma ikusteko 30.000 zinema sarrera aurrez saltzea, horren bidez jendearen ekarpen ekonomikoak jaso ahal izateko. 10 euro balio du txartel bakoitzak, eta pellomariotañoauzolana.eus web-orrian ikus daitezke salmenta puntu guztiak.

Iazko urrian aurkeztu zuten Ombuaren itzala proiektua Zizurkilen, eta ordutik, Euskal Herriko hamaika txokotan eman du asmoen berri Bisquert ekimenaren bultzatzaileak. Zumaian, esan bezala, gaur izango da aurkezpena, 19:00etan Oxford aretoan.