Aitortza egin diete Zumaiako hainbat odol emaileri

Mireia Galarza Bastida 2021ko mai. 30a, 14:38

25, 40 eta 50 aldiz odola eman duten bost herritar omendu dituzte Gizarte Zentroan. Odol Emaileen Elkarteko kideek herritarrak animatu dituzte datorren hilabeteetan odola ematera.

Zumaiako bost odol emailek omenaldia jaso dute gaur, Beheko Plazako gizarte zentroan. 11:00etan hasita, Odol Emaileen Elkarteko Zumaiako kideek eta Alex Oliden alkateordeak hainbat herritar omendu dituzte odol ateraldi jakin batzuk egiteagatik. Hain zuzen, 25 aldiz odola eman duten bi herritarrek -horietako batek ezin izan du agertu-, 40 aldiz emandako batek eta 50 aldiz eman duten bik jaso dute aitortza. 

Odola 25 aldiz eman duten bi herritarrak Arritokieta Iribar eta Fernando Fernandez izan dira -azken honek ezin izan du omenaldira joan-. 40 aldiz eman duena, hain zuzen, Antonia Iriondo, eta 50 aldiz emandakoak Jesus Maria Etxabe eta Jose Maria Prieto.

Odol Emaileen Elkarteko Zumaiako kide diren Iratxe Aizpurua eta Izaskun Gajatek herritarrak animatu nahi dituzte datorren hilabeteetan odola ematera. Haien esanetan, "uztaila hilabete arraroa" izaten da, jendea oporretan egoten delako, besteak beste, baina azpimarratu dute odola urteko beste edozein hilabetetan bezain beharrezkoa dela uda sasoian ere.