Astebetean lau koronabirus kasu positibo hauteman dituzte Zumaian

Onintza Lete Arrieta | Maria Maya Manterola 2021ko mai. 28a, 13:26

Eremu horian dago Zumaia, eta 162,82ra jaitsi da intzidentzia tasa. Astebetean lau kasu hauteman dituzte, aurreko astean baino zortzi gutxiago. 

Osasun Sailak kaleratu du koronabirusaren datuen berri dakarren txostena. Herrian egindako PCR eta antigeno probetan, bi pertsonak eman zuten emaitza positiboa atzokoan. Hala eta guztiz, azken zazpi egunetako datuak kontuan izanda, lau izan dira hautemandako kasuak, aurreko astean baino zortzi gutxiago. Apaltzen ari dira kasuak, eta apaltzen ari da intzidentzia tasa. 498,63an zegoen duela bi aste, eta 295,11an duela astebete, eta 162,82an gaur-gaurkoz. Eremu horian dago Zumaia. 

Urola Kostan, guztira, hamalau izan ziren atzo zenbatutako kasuak. Asteazkenean hamazazpi izan ziren. Asteartetik gorakada egon da, orduan zortzi kasu bakarrik atzeman zituztelako. Hazkunde horretan, Azkoitian izan zen gorakada nabarmenena, bederatzi positibo bertan atzeman  baitzituen Osakidetzak. Atzo bi positibo berri bakarrik izan ziren herrian, baina intzidentzia tasa ez da jaitsi, eta  492,36koa da gaur-gaurkoz. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena zen atzo, eta baita gaur ere.

Azken datuen arabera, launa kasu berri egon dira Azpeitian eta Zarautzen, baina intzidentzia tasak ez dira asko aldatu: Azpeitian  315,37koa zen 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa herenegun, eta atzo, berriz, 328,52koa. Zarautzen, berriz, 192,74tik 201,31ra igo da.

Orion bi positibo berri atzeman zituzten atzo, baina positibotasunak oso baxua izaten jarraitzen du (50etik beherakoa).

Gainerako herrietan ez zen positibo berririk atzeman atzo, hau da, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan.

Hamar pertsona gutxiago Osakidetzako erietxeetan

Hego Euskal Herrian, berriz, 437 positibo atzeman zituzten atzo, osteguna, Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira 9.976 PCR eta antigeno proba egin zituzten, horietatik 7.903 test Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.073 test, berriz, Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian atzeman ziren atzo ere positibo gehien, 171, ondoren Gipuzkoan (138), Nafarroan (79) eta Araban (45). EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonek ere eman zuten positibo atzo.

Hala, %4,5ekoa da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,8koa, berriz, Nafarroan. Nabarmen jaitsi da Nafarroan, bezperan %4,5ekoa  zelako, eta antzeratsu dago gainerako hiru lurraldeetan, %4,4koa zelako atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 41 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVID-19a duten 103 pertsona ZIUn daude. Guztira 277 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; bezperan baino hamar pertsona gutxiago, alegia.