'La pintora y el ladrón' filma hautatu du Ostarrenak gaurko zine forum saiorako

Aita Mariko zine aretoan botako dute Benjamin Ree zinemagile norvegiarraren filma, 19:00etan. 

Ostarrena Zine Klubak La pintora y el ladrón filma hautatu du gaur, osteguna, egingo den zine forum saiorako. Aita Mariko zine aretoan izango da, 19:00etan hasita. Osloko arte galeria batetik Barbora Kysilkova margolari naturalista txekiarraren bi margolan lapurtzearekin batera abiatzen da Benjamin Ree norvegiarraren filma. Norvegiako agintariek berehala identifikatzen dituzte bi lapurrak, baina ez dute artelanen arrastorik ere topatzen. Zer gertatu den jakiteko itxaropenarekin, Barbora lapurretako batengana, Karl-Bertil Nordlandengana, hurbilduko da. Galdetzen dio ea prest dagoen erretratu bat egiteko, eta Nordlandek baiezkoa ematen dio. Ondoren datorrena (urteetan zehar egindako erretratu batzuk) giza loturari eta adiskidetasunari buruzko istorio aparta da.