Maiatzaren amaieran zabalduko dute udako kirol jardueretarako izen ematea

Juan Luis Romatet 2021ko mai. 25a, 10:51

Uda garairako kirol eskaintza prestatu dute aurten ere Zumaian. Jarduera hauetarako izen-ematea datorren astelehenean, hilaren 31n zabalduko dute Lubaki kiroldegian. Pertsonako lau lagunen izenak eman ahal izango dira gehienez.

Bizi dugun pandemia egoerak ere izan du eragina Kirol patronatuak eta udalak uda honetarako prestatu duten kirol jardueren eskaintzan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikastaro batzuetan distantziak mantentzeko dauden zailtasunengatik, edota gaur egun aforoak murrizteak eragin duen espazio faltagatik, ezinezkoa da ohiko programazia osatzea. 

Hala, helduentzako honako jarduerak antolatu dituzte: Zumba, cycling-a, TRX, GAP eta piragua. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek zumba, cycling gaztea, piragua eta multifitness egin ahal izango dituzte. Haurrei zuzendutako ikastaroak ere izango dira: igeriketa ikastaroaz gain, iaz arrakasta izan zuen padel ikastaroa eskainiko da aurtengoan ere. Gainera, urtero bezala, herriko elkarteekin elkarlanean antolatutako piragua, arraun eta mendi bizikleta ikastaroetan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Hemen ikus daiteke ikastaroen inguruko informazioa.

Ikastaro horiek guztiak uztailaren 5ean abiatuko dira, eta gehienek hilabete bateko iraupena izango dute; elkarteek antolatutako ikastaroek hamabostaldi bat iraungo dute.

Datorren astelehenean, maiatzaren 31n, zabalduko da izenak emateko epea. 9:00etatik aurrera jasoko dituzte eskaerak Kiroldegian bertan, eta herritar bakoitzak gehienez lau pertsonaren izen-ematea egin ahal izango du (Hemen izen-emate orria).

Bestalde, udan zehar uretako ontzien alokairua ere martxan egongo da: Itxas Gain Kirol Elkarteak, urtero moduan, piraguak alokatuko ditu aurten ere.