Datorren astean amaituko da 33. Argazki Lehiaketan parte hartzeko epea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 24a, 15:30

Zuri-beltzezko lanak aurkeztu beharko dira aurten, eta lau saritu izango dira. Gero, beste urte batez, 36 lan hautatu eta erakusketa bat egingo dute Alondegian.

Aurten ere, Joxe Juan Azkueren omenez, Argazki Lehiaketa antolatu dute Distira Argazki Elkarteak eta Zumaiako Udalak. Hain zuzen, 33. edizioa izango da oraingoa, eta zuri-beltzezko argazkiak izango ditu protagonista edizio honek.

Astebete baino ez da geratzen Azkueren oroimenezko sariketan parte hartu ahal izateko, ekainaren 1ean amaituko baita lanak aurkezteko epea. Distiraren web-orrian egin behar dira izen-ematea, irudien bidalketa eta parte hartzeko ordainketa.

Lau sari izango dira: lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak, eta zumaiarrik onenari banatuko dioten saria. Gainera, beste urte batez, sariketara aurkeztutako 36 lan aukeratuko ditu epaimahaiak, eta erakusketa bat sortuko dute horiekin. Bilduma Alondegian egongo da ikusgai, uztailaren 23tik abuztuaren 8ra bitartean.

Antolatzaileek gogorarazi dute, gainera, Argizaiola lehiaketara sailkatzeko baliagarria izango dela Zumaiako Argazki Lehiaketa.

  • Ikusi hemen Zumaiako 33. Argazki Lehiaketako oinarriak
  • Ikusi hemen Argizaiola sariketako oinarriak