Javier Igoak irabazi du Kaleko pintura lehiaketa

Juan Luis Romatet 2021ko mai. 24a, 10:23
Argazkia: Alondegia kultur etxea

Kaleko pintura lehiaketa berreskuratu du aurten Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Igande goizean zehar koadroak margotu ondoren, arratsaldean egin zen sari banaketa ekitaldia.

Eguraldia lagun, igande goizean banatu ziren margolariak herriko gune desberdinetan, beraien margoekin paisaiak, kaleak eta kalestuak, erretratuak edo bestelako irudiak jasotzeko asmoz. Hemeretzi helduk, 12 eta 16 urte bitarteko bost gaztetxok, eta 11 urte arteko zortzi haurrek parte hartu dute aurtengo lehiaketan.

Behin lehiaketara aurkeztutako lanak aurkeztu ondoren, epaimahaiaren lana heldu zen. Valentin Manterola, Paco Hernandez, Julian Egiguren, Bego Blanco eta Olatz Goiburu margolariek, eta, udalaren ordezkari bezala, Marina Bidasoro zinegotziak osatu zuten epaimahaiak. Honen ustez, aurtengo lehiaketako lan onena Javier Igoa Alzugarayena izan da. 800 euroko saria jaso du margolari honek. Bigarren saria Ricardo Azkargorta Celayak irabazi du (500 euroko saria) eta hirugarrena Eduardo Alsasua Garciak (300 euro). Zumaiar onenarena Alex Vita Garayek jaso du. 

Gaztetxoei dagokionez, 12 urtez azpikoen mailan, Maren Iruretagoiena izan da irabazlea; eta 12 eta 16 urte bitartean Irune Aizpurua.